"Hedabideek egunero egunero orriak betetzen dituzte; hala ere, lan hori ulertzen dut, batzuetan ados egongo naiz eta besteetan ez", adierazi du. "Espero gabeko" jendearen aldetik entzun dituenak "mindu" egin dutela onartu du Iker Muniainek; dena den, nabarmendu du ez duela "inorekin arazorik".
Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatu ondoren, "pilak beteta" itzuli da, eta "laguntzeko gogoarekin". Selekzioarekin eta Athleticekin lortutako azken bi golek bultzada eman diotela esan du, "nahiko txarra" izan den bolada igaro ondoren.
Aurrerantzean ere "gogor lan" egitean pentsatzen du Muniainek. "Inor ez da betiko titular edo betiko ordezko. Guztia emango dut entrenatzaileak nahi nauenerako".