Athletic 3-0 Espanyol

Muniainek piztu du argia

Aurrelariak lehen ordu laurdenean sarturiko bi goli esker irabazi du Athleticek. Ez du beste munduko jokorik egin, baina ezta behar ere, Espanyolek minutu on gutxi izan dituelako.

Iker Muniain eta Iñigo Cordoba elkar besarkatuta, gol bat ospatzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko urriaren 30a
15:48
Entzun

Golak. 1-0: Muniainek (4. min.). 2-0: Muniainek (17. min.); 3-0: V. Sanchezek (b. a., 82. min.). Epailea. Martinez Munuera. Txartel horiak: Espanyoleko Bernardori. Bestelakoak. 37.094 ikusle San Mamesen.

Ilunpean zebilen Athletic, oina non jarri garbi ez izateak sortzen duen ikararekin. Bost partida ziren irabazi gabe, eta urduritasun pixka bat zabaltzen hasia zen San Mamesen. Krisiak merke daude egungo futbolean, eta edozein bolada txar hondamendi baten atariko gisa saltzen da. Galdera deserosoak iritsiak ziren Gaizka Garitanoren agerraldietara, eta taldeak emaitza on bat behar zuen. Irabazteko, baina, joko pixka bat behar da, eta Athletic ez dabil irudimenez sobran. Ilunpe hori uxatuko zuen norbait behar zuen, eta, gaur, Iker Muniainek sakatu du argiaren etengailua. Bizpahiru aldiz sakatu du, eta gero itzali, baina Athleticek argi segundo horiek nahikoa izan ditu, Espanyolen atera zeraman bidea aurkitu eta partida irabazteko. 

San Mamesek gau lasaia izan du. Lasaiegia agian, une askotan partida aspergarria izan delako. Athleticek ez du ondo jokatu, baina ezta behar ere. Jokoa lantzeko arazoak ditu, eta merezi baino gol gehiago sartu ditu. Zaleek, halere, nahi beste denbora izan dute sailkapena zehatz aztertzeko, Espanyolek ere ez duelako egin irabazteko meriturik. Hiru puntu hauekin Europan aritzeko lehiatzen ari diren taldeak gertuago daude zuri-gorriak, eta jaitsiera postuek urrun dirudite. Lasaitasunak, baina, badu plazeretik zerbait, eta zaleek gozatua hartu zuten Iker Muniaini txalo egiten hark zelaia utzi zuenean. 

Aurrelaria izan baita onena. Garitanok, hegaleko kaiolatik atera, eta puntaerdira eraman du. Raul Garcia jarri du aurrean, eta Williams hegalean. Berritasunak Espanyolen atzeko lerroa nahastu du, eta kapitainak baliatu du hobekien. Lehen ordu laurdenean bi aldaratzeren jabe egin da (4. min eta 17. min), eta bi gol sartu ditu. Bi aldaratze ezberdin izan dira, gainera. Aurrenekoan azti ibili da; Espanyoleko hiru atzelariri aurrea hartu, eta area barrutik sartu du gola. Bigarrenean, aldiz, artista. Korner baten ondoren, baloia areaz kanpo jaso, bularrez kontrolatu, eta bolea ikusgarriz bidali du sareetara. 

Emaitza hain alde izanda, Athletic erlaxatu egin da, eta Espanyolek agindu du. Gehiago izan da, eta bi gol aukera izan ditu lehen zatiaren amaieran. Aurrenekoan, epaileak, VARaren laguntzaz, ez du ontzat eman Bernardoren gola; eta bigarrenean Simonez geldiketa bikaina egin dio Campuzanori. Mezu argia zen, Espanyol ez zegoen hilda.

Hilda ez, baina oso bizirik ere ez, bigarren zatian gola sartzeko arrisku gutxi sortu baitute kanpokoek. Athleticek, ezer gutxi eginda, hiru gol sartu zizkien. Hirugarrena 82. minutuan iritsi da, Capak, Cordobak eta Muniainek josi zuten kontraeraso batean. Hark jo zuen azkena, baina aterako bidean Sanchezen hanka ukitu du baloiak. Amaieran, Muniainek epaileari galdetu dio zeini eman dion gola. Martinez Munuera ez da eskuzabala izan, eta kapitainak ez du baloia etxera eraman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.