A multzoa
Gogorrena eta orekatuena
Beti izaten da horrelakoetan guztiek saihestu nahi izaten duten multzoren bat, eta A multzoa izan da hori zozketa honetan. Maila antzerakoan ari diren lau taldek egin dute han tokia. Heynckesen Bayern Munich da zerrendaburua, baina Vila-real, Manchester City eta Napoli haren pareko kontrarioak dira egun. Vila-real elitera itzuli da aurten, eta kontrario arriskutsua dela erakutsi du sailkatzekoan. Manchester City da sasoi honetan jokalariak fitxatzen diru gehien gastatu duen taldea. Napolik, berriz, Italiako aurrealderik onenetakoa dauka.
B multzoa
Trabzonsporrena
Badira hura baino izen handiagoa dutenak, baina Europako Ligan Athleticen kontrario izan behar zuenari han aritzea tokatu zaiolako jartzen diogu Trabzonsporrena. Inter Milan da multzo horretan zerrendaburua, eta ez luke, printzipioz, aurrera egiteko arazo askorik izan behar 2009-10eko denboraldiko txapeldunak. Moskuko CSKA litzateke harekin batera sailkatzeko beste hautagaia, baina Lillek behin baino gehiagotan erakutsi du talde lehiakorra dela, eta Trabzonsporrek ere baliatu nahiko du azken unean emandako aukera.
C multzoa
Manchester United lasai
Manchester United iazko finalistak ez luke C multzo horretan aurrera egiteko inolako arazorik izan behar. Premier Ligueko egungo txapeldunari kontrario zerrenda erraza egokitu zaiola esan liteke. Benfica da hura estuen har dezakeena eta bigarren postua lortzeko hautagai sendoena. Basilea eta Otelul Galati eskarmentu eta maila gutxiagoko taldeak dira, printzipioz.
D multzoa
Aspaldiko ezagunak
Real Madril da D multzoan zerrendaburu nagusia, eta joan den denboraldian kontrario izan zituen bi talde berriz ere kontrario izango ditu: Olympique Lyon eta Ajax. Frantziarrek indarra galdu dutela egia da. Jada ez dute Frantziako Ligan lehen zuten nagusitasunik, eta Txapeldunen Ligako ligaxka gainditzea lorpena litzateke haientzat. Ajax hobeto ari da Frank de Boerrek taldearen gidaritza hartu zuenetik, baina ez dirudi Real Madril estu hartzeko adina joko duenik. Dinamo Zagrebek, printzipioz, aurretik dituen hiru horiek baino maila txikiagoa dauka.
E multzoa
Chelsearen erronka
Lortuko du Chelseak halako batean Txapeldunen Liga irabaztea. Abramovitxen obsesioa da lehiaketa hori, honez gero, eta Chelsea da multzo horretan aurrera egiteko lehen hautagaia. Valentzia da hura estuen hartzeko moduko beste taldea multzo berean —Matak bere talde ohiaren kontra jokatuko du, horrenbestez—. Bayern Leverkusenek oso itxura ona eman zuen joan den sasoiaren amaieran, eta kontuz. Genk da multzoko talderik ahulena.
F multzoa
Arsenal arriskuz inguratuta
A multzoak hartu du aurten gogorrenaren fama, baina F multzoak ere badu oreka. Arsenal da zerrendaburua, baina kontrario arriskutsuak egokitu zaizkio: Olympique Marseille, Olympiakos eta Borussia Dortmund. Hirurak dira, distira handirik gabe, oso jardun egokia duten taldeak. Lan asko eman dezaketenak.
G multzoa
Faborito bat, hiru hautagai
Koska handi samarra kentzen die Portugalgo Ligako egun txapeldunak, Oportok, multzo berean tokatu zaizkion hiru kontrarioei. Xaktar Donetsekek aspaldi utzi zion ezustekoa izateari, eta horregatik da multzoko bigarren postua lortzeko hautagaia. Zenit eta Apoel saikatuko dira aurreko biak estu hartzen, baina koska bat beherago daude egun.
H multzoa
Txapeldunarena
Ez luke Bartzelonak oraingoan ere ligaxka gainditzeko aparteko estutasunik izan behar. Milan egokitu zaio multzo berean—Zambrotta eta Ibrahimovitx jokalari ohiak ari diran han—, eta hura du pareko bakarra multzo horretan. Bi horiek aurrera ez egitea sekulako ezustekoa litzateke. Bate Borisoven zailtasunik handiena hara egin beharreko bidaian dago joko mailan baino gehiago, eta Victoria Plzenek sekulakoa egin du jada, sailkatuta.