Eurokopa

Munich LGTBIfobiaren aurkako aldarri bihurtuko da asteazkenean

UEFAk baimena eman dio Alemaniako kapitainari ostadarraren besokoa eramateko, eta estadioa ere LGTBI banderaren koloreekin argiztatu nahi dute Hungaria eta Alemaniaren arteko partidarako.

Manuel Neuer Alemaniako selekzioko atezain eta kapitaina, ostadar koloreko besokoarekin, larunbatean, Portugalen aurkako partidan. PHILIPP GUELLAND / POOL / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 21a
16:50
Entzun

Asteazkenean, Alemaniak eta Hungariak Eurokopako partida jokatuko dute Munichen (Alemania), eta lehia oinarrizko eskubideen zelaian ere egingo dela ematen du. Izan ere, Viktor Orban Hungariako presidenteak LGTBI komunitatearen eskubideak murrizteko hartu dituen neurrien aurkako keinuak egingo dituzte Alemaniako jokalariek eta hiriko agintariek.

Izan ere, asteburuan aztergai eduki du UEFAk Alemaniako selekzioko kapitain Manuel Neuerrek Frantziaren eta Portugalen aurkako Eurokopako partidatan eraman duen ostadar koloreko besokoaren afera. Berez, «ikur politikoak» eramatea debekatzen du arautegiak, baina UEFAk atzo erabaki zuen Neurreren aurkako neurririk ez hartzea, politikoa ez delakoan. «UEFAk aztertu du jokalariak eramandako besokoa», adierazi du erakundeak ohar batean, «eta, kausa on baten aldekoa dela ikusita, hau da, aniztasunaren aldekoa, ez da zigor prozedurarik egongo».

Beraz, Neurrek LGTBI kolektiboko herritarren eskubideen aldeko ikurra eraman ahalko du asteazkenean.

Estadio osoa, ostadarrez

Municheko Udalak harturiko erabakiari jarraikiz, hiriko alkate Dieter Reiterek gutun bana bidali die UEFAko presidente Aleksander Ceferini eta Alemaniako Futbol Federazioko presidenteorde Rainer Kochi esateko asteazkenean Munich Arena estadioa ostadarraren kolorez argiztatu nahi duela. Horren bidez, «berdintasunaren eta tolerantziaren» aldeko keinua babesteko eskatzen die alkateak bi agintariei.

Reiterrek gutunean gogorarazten die joan zen astean Hungariako Legebiltzarrak debekatu egin zuela gazteei homosexualitatearen eta transexualitatearen inguruko informazioa ematea, lege baten bidez. Alkatearen arabera, erabakia transfoboa da, eta Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartaren aurkakoa.

«Mesedez eskatzen dizuet, beraz, baimena emateko Arena ostadarraren koloreekin argiztatzeko partidaren egunean, balore berdinak partekatzen ditugula adierazteko zeinu ikusgarria bidaltzeko».

Municheko Allianz Arena estadioa ostadar koloreekin argiztatuta, 2016an. Urtero apaintzen dute horrela, Stonewall tabernako (New York, AEB) gayen matxinada gogoratzeko (ekainak 28).Sinnbildner

Orban Hungariako presidente izendatu zuten 2010. urtean. Hainbat egitasmo bultzatu ditu LGTBI herritarrei giza eskubideak ukatzeko, «balore kristauekin bat» ez datozelakoan. Hungarian izugarri egin dute atzera LGTBI eskubideetan azken urteotan. 1960. urtean utzi zioten han homosexualitatea zigortzeari. Baina iaz, trans jendea legez onartzeari utzi zioten, eta, aurten, LGTBIren inguruko «eduki positibo» oro zentsuratzea onartu dute, filmetan, telebistan, liburuetan edo bestelako ekintza publikoetan.

UEFAk badu Hungaria bere agendan, bestela ere. Ikerketak zabaldu ditu jakiteko Hungariako eta Frantziako selekzioen arteko partidan zale hungariarrek Kylian Mbappe eta Karim Benzemaren aurkako irain arrazistak egin ote zituzten. Hainbat lekukoren arabera, hainbat zalek tximinoen oihuak egin zituzten Mbappek baloia ukitzen zuen bakoitzean. Benzemaren aurkako irainak ez dituzte zehaztu.

Horrez gain, aztertzen ari dira larunbatean Hungaria eta Portugalen arteko partidan irain homofoboak egin ote zizkioten Cristiano Ronaldori.

LGTBI bandera, Municheko Allianz Arenako kornerretako batean, aurtengo urtarrilaren 30an, Awschwitz askatu zuten egunaren urteurrena gogoratzeko.Adam Pretty / POOL / EFE

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.