Bigarrena izaten da horrelakoetan lehenengoa estaltzen duen aitzakia. Min hartzeak estaltzen duela askotan ezina, alegia. Horregatik du atzokoak bietatik apur bat. Edo lehenengotik gehiago bigarrenetik baino. Nadalek min hartu zuen unean, izan ere, 6-3, 7-6 eta 1-0 ari zen galtzen Murrayren kontra. Ez zuen haren jokoari aurre egiteko biderik inon topatzen eta gaindituta ari zen erabat. Iazko irabazleak belaunean min hartuta esan dio agur txapelketari. Belaunak utzi du kanpora, baina Murrayk ere bai.
Set bakar bat galdu gabe sartu da Murray finalerdietan. Ez zuen atzo bere partidarik onena jokatu. Nadal nagusitu zen jokoan, baina ez zituen bere aukerak baliatu. Itxaron egin zion Murrayk eta tantoak berak baino errazago amaitu. 52 minutu iraun zuen lehen setak, eta 12 minutuko geldialdia izan zuen bigarrenak, Australiaren eguneko su festak gozatu ahal izateko. Geldialdiak Murrayri erasan zion gehiago, baina huts egin zuen Nadalek seta erabakita uzterakoan, eta Murrayk ongi baliatu zuen ondoren bere aukera. Hirugarren seta hasita zegoela eskatu zion Nadalek masaje-emaileari hurbiltzeko. Itxuraz, bigarren setaren amaieran, dejada batera abiatzerakoan izan zuen zaintiratua eskuineko belaunean. Hirugarren set horretako beste bi joko jokatu zituen, baina amore ematea erabaki zuen orduan. «Ezin nuen horrela jarraitu», azaldu zuen amaieran. Australiako Irekia amaitzen denean, ATP zerrendako bigarren postua galduko du Nadalek, eta finalerdietan gertatzen denaren arabera, hirugarren postua ere gal dezake.
Murrayk Cilicen kontra jokatuko du finalerdia. Kroaziar gazteak Anddy Roddick estatubatuarrari irabazi zion atzo, eta azken boladan gehien hazi den tenislarietako bat dela erakutsi. AEBetako Irekian ere elkarren kontra aritu ziren, eta orduan Cilicek irabazi zuen. Orain, ordea, Grand Slam bateko finala dute jokoan.
Henin, finalerdietan
Hogei hilabete kantxetatik kanpora egin, duela hilabete bueltatu, eta Australiako Irekiko finalerdietan ariko da Justine Henin. Han izango duen kontrarioa ere ez da ohikoa. Jie Zheng da Australiako Irekiko finalerdietan sartu den lehen tenislari txinatarra. Iaz Wimbledonen lortu zuen balentria berbera.
Murrayk, eta belaunak
Nadalek, Australiako Irekiko azken irabazleak, partida galtzen ari zela min hartu du, eta agur esan dio txapelketari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu