Andy Murrayk (Erresuma Batua, 1987) bere lehen torneo handia irabazi du: Londresko Olinpiar Jokoetako banakako urrea. Roger Federer (Suitza, 1981) handia zeukan aurkari, aurtengo Wimbledongo torneoko finaleko kontrario bera, baina oraingoan Murray nagusitu da. Aise nagusitu ere: 6-2, 6-1 eta 6-4.
Bere bizitzako partida egin du Murray eskoziarrak. Dena atera zaio ongi.
Federerrek banaka olinpiar urrerik gabe segituko du, eta hala amaitu dezake bere karrera arrakastatsua, 2016an Rio de Janeiron 35 urte izango dituelako. Banaka Grand Slameko hamazazpi titulu ditu hark —tartean, Wimbledon zazpi aldiz—, beste inork ez ditu horrenbeste, eta olinpiar urrerik izan gabe ere esan daiteke tenisak inoiz emandako jokalaririk onenetakoa dela.
Orain arte banaka 2000ko Sidneyko Olinpiar Jokoetan lortu zuen emaitzarik onena: laugarren. Duela lau urte Pekinen binaka urrea irabazi zuen. Orain behintzat, banaka badu zilar bat.
Murrayk ez du Grand Slamik, baina bai olinpiar urre bat.
Brontzea Juan Martin del Potrorentzat (Argentina) izan da. 7-5 eta 6-4 irabazi dio Novak Djokovici (Serbia).