«Ez itsutu Koparekin». Agindua garbia da, eta Sito Alonsok zabaldu du lau haizeetara, bere osteguneko agerraldian eta aste osoan han eta hemen bidali dituen mezuetan. Hala egitea Murtzia gutxiestearen parekoa dela sinetsita dagoelako. Arrazoia du, Murtzia Lagun Aroren liga berean baitzegoen orain ez asko, Gabonak baino lehenago. Orduz geroztik gora egin du etengabe Donostiako taldeak, baina zuloan kateatuta geratu da Murtzia. Ondorioa, bi taldeen artean dagoen alde handia: hiru garaipen.
«Kopa etortzen bada, ondo, baina ez dago gure esku. Guk gurea egin behar dugu, irabazi eta jaisteko postuekiko lau garaipenen aldea ireki. Hori balantze bikaina izango litzateke. Gero Kopara joaten bagara beste emaitzek lagunduta, ederki, baina aurren-aurrena, Murtzia». Alonsok ondo ezagutzen ditu bere jokalariak, eta jakin badaki Kopa helburu gozoa, mamitsua dela ohituta ez dauden jokalarientzat. Jokalariek zintzo barneratu dute mezua, eta kanpora begira ez dute inolako euforiarik erakutsi, etor daitekeen lorpenaren harira.
Bere mezua helarazita, Murtziaren arriskuak nabarmendu zituen Sito Alonsok, eta, egia esan, zaila da ulertzen nolatan dagoen zuloan, hain jokalari zerrenda polita edukita. Udan Josep Franch fitxatu zuten, Joventuteko harribitxia, baita James Augustine pibota ere. Rob Kurz ere bai, baina lesio franko izan ditu, eta oraintxe ari da bere sasoia fintzen. Augustine, Kurz eta Blagota Sekulicek osatzen duten hirukotea oso arriskutsua dela esan zuen Sito Alonsok, erasoko alderatze gehien hartzen duen hirukotea delako. Andrew Betts kili-kolo dagoela aintzat hartuta, Andy Ogide eta David Doblasen lana erabakigarria izango da.
Lagun Arori dagokionez, Bartzelonaren aurkako porrotak kaltea ez, onura ekarriko duela plazaratu zuen Sito Alonsok: «Portzentaje eskasak lortu genituen, baina eutsi egin genion, fedea dugulako. Belaunikatu bagina, 20 edo 30 punturen aldearekin galduko genuen, bikain ari zelako Bartzelona. Amore ematen badugu, duintasunez egingo dugu, etsi gabe, eta hori partida guztietan errepikatuko da ni entrenatzaile naizen bitartean». Ziurtasun horrekin, litekeena da Lagun Aro garaipenaren arrastoan ibiltzea gaur Murtzian (Espainia).
Murtzian irabazi eta Kopan sartzen bada, ondo; bestela ere bai
Lau garaipenera utz ditzake Lagun Arok Murtzia eta jaitsiera; ez dago argi Betts ariko den (12:30, ETB1)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu