Alemania-Ghana (2-2)

Musika dantza... eta Alemania

Txapelketako partida politenetakoa jokatu dute bi taldeek. 

Klose, bere gola ospatzen. Horrekin Munduko Kopako golegile handiena bihurtu da, Ronaldorekin batera. Lau txapelketa jokatu ditu alemaniarrak. SERGEY DOLZHENKO, EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 21a
23:26
Entzun

Zoragarria izan da. Gozatu ederra eman dute Alemaniak eta Ghanak. Munduko Kopa honetako partidarik politenetekoa izan da, eta asko esan nahi du horrek, polita izaten ari baita lehiaketa. Hasteko, bi taldeek dena eman dute, eta hori da gainerako guztiaren oinarria. Azkenera arte, akitu arte, eta akitu ondoren ere bai.


Erritmoa. Ghana tartean izanda, bizia izan behar, eta halakoxea izan da partida. Alor horretan, indarra eman behar zaio Alemaniari, oso talde gutxik egingo lukeena egiteko gai izan baita: Ghanaren erritmo beldurgarriari eutsi egin dio.


Kolpea kolpeari. Bigarren zatian. Alemaniak lehen gola, Goetzek 51. minutuan, eta ordutik aurrera, lehen bizia izaten ari zena, ia-ia ero bilakatu da. Gora eta behera, behera eta gora golaren bila. Ghanak erantzun egin behar izan dio Alemaniaren golari, eta azkar egin du: 54. minutuan sartu du Andrew Ayewk. Bederatzi minutu geroago, Afrika dantzan jarri duen gola. Musika eta festa. Ghanaren bigarrena. Gyanek, nork bestela. Alemaniarren hutsa baliatuz jokoaren sorreran. Une horretan, Alemania izan da erantzun beharrean geratu dena. Dudarik bai erantzuna egon den edo ez? Nola ba! Alemania, beti Alemania. Klose beteranoak sartu du, zelairatu eta ukitu duen lehen baloian. Korner batean izan da. Ahoko zuloan. 71. minutuan. Hamabosgarren gola Munduko Kopetan. Marka.


2-2, eta hogei minutu jokatzeko. Nekea ere pilatzen hasita, eta hutsak ere handitzen. Hala ere, jokatu duten erritmoan jokatuta, ez dituzte huts tekniko asko egin. Aukera Alemaniak, aukera Ghanak. Beste golen bat helduko zela ematen zuen. Baina azkenean, hor geratu dira. Nahikoa egin dute. Asko egin dute. Dena egin dute.


Bigarren zatian lehertu dira festak, baina aurrenekoa ez da itsusia izan. Hori bai, gero ikusi denaren aurrerapena erakutsi dute bi taldeek: eroso moldatzen direla lekuak dituztenean lasterka egiteko. Nahiz eta baloiaren jabetzan txukun moldatu biak, bertikaltasunean hobeto. Alemaniak hobeto menderatzen duen arren baloia edukitzearena.


Aurrera begirako balizko kontuak: Ghana kanpoan gera daiteke, eta pena litzateke. Ikuskizun handia ematen dute, futbol alaia eta bizia plazaratzen dute. Musika eta dantza futbolean. Eta Alemania, beti Alemania. Honela edo horrela, ondo edo erdizka, makal edo bizi, Alemania beti hor. Ikuskizuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.