Bartzelona. Valdes; Alves, Puyol (Maxwell, 54. min.), Mascherano, Abidal (Adriano, 46. min.); Xavi (Afellay, 61. min.), Busquets, Thiago; Messi, Fabregas eta Villa.
Osasuna. Andres Fernandez; Marc Bertran, Roversio, Ruben, Raitala (Cejudo, 46. min.); Lolo; Damia, Puñal (Timor, 77. min.), Raul Garcia (Ibrahima, 62. min.), Lamah; eta Nino.
Golak. 1-0. Messik (5. min.); 2-0. Fabregasek (13. min.); 3-0. Villak (33. min.); 4-0. Roversiok bere atean (39. min.); 5-0. Messik (40. min.); 6-0. Xavik (57. min.); 7-0. Villak (75. min.). 8-0. Messik (78. min.).
Epailea. Muñiz Fernandez. Txartel horiak: Bartzelonako Villari; Osasunako Lamahri, Raul Garciari, Ibrahimari, Damiari eta Timorri.
Bestelakoak. 70.549 ikusle Camp Noun.
Lehen porrota. Eta nolako porrota, gainera. Mutu gelditu da Osasuna. Denboraldiko lehen bi partidetan lau puntu lortu eta gero, Bartzelonaren aurka 8-0 galdu zuen atzo. Nafarrek bazekiten zaila izanen zela Camp Noun punturen bat lortzea, baina azkenaldian Bartzelona fin ez zebilenez, bazuten itxaropena haren aurka gutxienez berdinketa lortzeko. Esperantza oro, hala ere, ia partida hasi bezain pronto uxatu zen. Etxeko taldea izan zen jaun eta jabe. Hasieratik norgehiagokaren amaierara arte.
Bartzelonak zalantzak bazter uzteko beharra bazuen atzo, eta horretan ahalegindu zen zelaira atera bezain pronto. Bete-betean aritu zen kataluniarren makina, bere ohiko jokoari erabat fidel. Eta lan horrek lortu zuen bilatzen zuen saria. Hamaika aukera sortu, eta aukera horietako anitz gauzatzeko gai izan ziren Pep Guardiolaren jokalariak. Atsedenaldira 5-0 irabazten ailegatu zen Bartzelona. Eta bigarrenean bertze hiru sartu zituzten kataluniarrek.
Osasunak bazekien konplexurik gabe atera behar zuela Camp Noun aukeraren bat izateko. Eta Jose Luis Mendilibarrek erabaki zuen atzean ez gelditzea. Erasoan aritzea. Apustuak bazuen arriskua, eta gauzak gaizki atera zitzaizkion Iruñeko taldeari. Galdu egin zuen.
Etxekoen besta
Messi izan zen Andresek defendatzen zuen atea zulatzen lehendabizikoa. Lehen zatiko bosgarren minutuan. Une horretatik aurrera, norgehiagokak etxekoen kolorea bertzerik ez zuen izan. Izerdia bota zuten nafarrek zelaian, baina aurkaria urduritzeko gai ere ez ziren izan.
Messi, Fabregas eta Valdes amesgaizto bateko protagonista bilakatu ziren gorritxoentzat. Golak egiteko eta golak sortzeko sekulako gaitasuna erakutsi zuten. Ohi bezala. Messiren pasea baliatu zuen Fabregasek Bartzelonaren bigarrena egiteko. Atzoko bestak, hala ere, izan zuen bertze hainbat gonbidatu. Villak hirugarren gola eraman zuen opari. Eta gorritxoek oparia onartu bertzerik ezin izan zuten egin. Besta gehiago zapuzteko, Osasunako Roversiok berak sartu zuen partidako laugarren gola nafarren atean. Handik minutu eskas batera, bosgarren golarekin eskertu zion keinua Messik gorritxoari.
Bigarren zatian, emaitzak ematen zion lasaitasunarekin, pixka bat behera egin zuen Bartzelonak, eta Osasunak izan zuen Valdesen atera hurbiltzeko aukera. Arrisku handirik sortu gabe, hala ere. Gutxienez gol bat sartzen saiatu ziren Mendilibarren jokalariak, baina huts egin zuten.
Partida biribila egin zuen Bartzelonak, eta bertze hiru gol sartu zituen egindako lana behar bezala ospatzeko. Xavi, Villa, berriz ere, eta Messi, hirugarrenez, izan ziren bigarren zatiko golegileak. Dena egin zuten ongi kataluniarrek atzo, eta Osasuna inolako aukerarik gabe utzi zuten zelaiaren gainean. Aurkariaren nagusitasuna onartu bertzerik ezin izan zuen egin. Atzoko porrota lehenbailehen ahazten saiatu beharko dute gorritxoek orain, denboraldia luze baita oraindik.
Bartzelona 8. Osasuna 0
Mutu gelditu da zelaian
Osasunak jipoia hartu du Camp Noun; Bartzelonak kezka guztiak uxatzeko baliatu du partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu