Mutur batetik bestera

Nahiz eta mailari eustea izan hasierako helburu orain Txapeldunen Liga jomuga izatea ez dela «astakeria» dio Caparrosek,

haritz gallastegi
Bilbo
2010eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Athleticen egoera ona da oso. Denboraldiaren lehen heren biak beteta, mailari eusteko beharrezkoak diren ia puntu guztiak eskuratu ditu. Sasoi hasieran helburu nagusi moduan mantentzea duentalde batek ezin du askoz gehiago eskatu. Athleticek egin ditu etxeko lanak. Behin helburu nagusia beteta, bestelako erronkak izan behar dira. Eta zuri-gorriek aldatu dute txipa. Dagoeneko inork ez du 45 puntuen gainean berba egiten. Orain, argi eta garbi esaten dute Europako lehiaketetan lehiatzeko txartela eskuratzea dela helburua. Hori gutxi ez, eta mutur batetik bestera pasa dira lehoiak. Orain Txapeldunen Ligarekin egiten dute amets. Horretan aritzeko txartela eskuratzea posible dela iritzi diote. Joaquin Caparros hasi zen zuri-gorrientzat urrun ikusten den helburuaren gainean jarduten. Jokalariak, berriz, zuhurtzia gehiagoz mintzatu dira, baina ateak itxi barik. Entrenatzaileak ekin eta ekin, ordea. Ez du etsi gura. Ez du uste ezinezkoa denik. «Nik ez dut uste astakeria bat esan nuenik. Aukera hori ematen digun puntu kopurua eskuratu dugu orain arte», esan zuen entrenatzaileak.

Caparrosen ametsa egi bihurtzeko San Mames gotorlekua izan beharko da talde zuri-gorriarentzat. Bistan da Katedralan ariko diren taldeen joko maila aintzat hartuta, puntu asko irabazteko aukera izango duela Athleticek. Baina sarri askotan teorian erraza dirudienak ez du isla izaten praktikan. Xehetasunek erabakitzen dute neurketa, eta baita sailkapena ere. Egun zazpigarren sailkatua dena hamabosgarrena izan daiteke sasoi bukaeran. Eta alderantzizko bidea era makina bat taldek egin dute. Horregatik, ez da komeni aurkariak gutxiestea. Estu eta larri daudenak ere ez.

Valladolid dago egoera horretan. Pucelako taldeko agintariek duela jardunaldi gutxi kendu zuten kargutik Jose Luis Mendilibar. Teknikaria aldatuta, taldea piztu egingo zela uste zuten. Baina, gauzak ez dira horren errazak. Onesimok ezin izan du Zaldibarkoak egindako lana hobetu.Salbazioa lau puntura dauka eta datorren jardunaldian Real Madrilen kontra jokatuko du. Horregatik, litekeena da Valladolideko jokalari eta teknikariek begiz jota izatea gaurko partida. Athletic mendean hartzea talde zuriari irabaztea baino errazagoa dela usteko dute. Hala da, gainera. Baina ez dute lan samurra izango. Athletic motibazioz gainezka dago eta badirudi hartu diela neurria San Mamesen puntu premiarekin aritzen diren taldeei. Baita horren larri ez daudenei ere bai. Izan ere, zuri-gorriek jarraian irabazi dituzte etxean jokatutako azken lau norgehiagokak.

Bistan da azken hiru postuetan sailkatuta dauden taldeek gabezia asko dituztela. Baina horrek ez du esan gura aurkari samurrak direnik. Xerezek estu eta larri hartu zuen Athletic. Talde zuri-gorriak asko sufrituta irabazi zuen. Teneriferen kontrakoan, berriz, uste baina errazago gailendu zen talde bizkaitarra.

Aldaketa bi hamaikakoan

Caparrosek ez du iraultza handia egin deialdian, baina hartu dituen erabakiak zeresana emango dute. Batetik, joan den jardunaldian hasieratik aritu ziren De Marcos eta Iturraspe harmailara bidali ditu. Euren ondoan egongo da Yeste. Ligan hirugarrenez jarraian zerrendatik kanpo geratu da basauritarra. Bestalde, partida biko zigorra bete ostean taldera bueltatuko da Orbaiz. Erdilari nafarra eta Toquero izango dira hamaikakoko berritasun nagusiak. Castillo eta Muniain ere aukeratuen zerrendan daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.