Azkeneko luzea. Estropada eremuaren izkina batean, Castro. Bestean, Orio. Oraintxe segundo bat aurretik laugarren kaleko horiak. Hurrengoan, alde bera aurreneko kaleko gorrien alde. Beste une batean, biak berdinduta. Helmuga gero eta gertuago. Norbaitek irabazi beharra dauka. Ezin dute berdinduta heldu. Baina ez zaie asko falta izan. Azkenean, Castrok irabazi dio Oriori, eta bide batez, bi traineruek erakutsi dute uretan ere ez direla bi muturrak elkartzen. Gertu, oso gertu egon daitezke bi izkinak, baina inoiz ez dira bateratuko helmugan.
Estropada bukatu bezain pronto, lehertuta zeuden gipuzkoarrak eta kantabriarrak. Ez zen gutxiagorako. Getxoko eremuko olatuxkak baliatzeko txanpa bizian egin zuten azken luze osoa. Bandera zuten jokoan. Castrok ostegunean Astillerok eman zion astindua ahaztu beste erremediorik ez zuen izan. Oriok ere kareletik bota zituen egun hauetan pilatutako nekeak. Onena eman zuten biek, eta batek irabaztea derrigorrezkoa denez, Castrok eraman zuen bandera. Askoz atzerago ibili ziren San Pedro eta Urdaibai. Bi ontzietako ordezkarien arabera, sasoirik onenean dauden bi ontziek ez zuten batere aukerarik izan. Nabarmena izan zen bizkaitarren ezina. Atzean gelditzen joan ziren pixkanaka-pixkanaka, eta atzean bukatu zuten. Gaitzerdi, hala ere, sailkapenean laugarren bukatu izana. Horri esker, lehen postuan jarrai- tzen dute San Miguel ligan.
Bigarren txandan ere lehia estua izan zuten Zarautzek, Cabok eta Zumaiak. Azken luzera arte, bospasei segundoren barruan ibili ziren hirurak, ia beti Zarautz aurretik zela. Halaxe bukatu zuen txanda ere. Cabo izan zen bigarren, hiru segundora, eta Zumaia hirugarren, hamaikara. Kexu ziren zumaiarrak, beste bi ontziak bere kalean sartu zitzaizkiola eta azken luzean, baina epaileek ez zuten aintzat hartu erreklamazioa.
Lehen txandari ere bizitasuna eman zioten Hondarribiak eta Tiranek. Ia beti galiziarrak joan ziren aurretik, baina azken luzean, gipuzkoarrek muturra erakutsi zieten, segundo pasatxogatik izan bazen ere.
Gaur, Zumaiako 23. Ikurrina
San Miguel ligako hamaikagarren estropada jokatuko da, gaur, 12:00etan, Zumaian. Eremu berezia da, olatuek albotik jotzen dutelako, eta berezitasun horretara moldatu beharko dute arraunlariek. Iaz, Zarautzek irabazi zuen, eta huraxe izan da orain arte San Miguel ligan lortu duen bandera bakarra. Atzoko txanda berak jokatuko dira gaur ere.
Muturrak uretan ere ez dira elkartzen
Castro izan da onena Getxoko estropadan, Oriorekin oso lehia estua eta parekatua izan eta gero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu