Zonakako defentsa

Muturreko festa

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Zartakoak han eta hemen. Gaztelaniazko hostia hitza kolpe, zartako, muturreko gisa erabiltzera aholkatzen dute hiztegiek. Hostia da asteko hitza. Hitza bera, eta hitz horren adierak, edo hitz horren esanahiak. Hitz hori erabili zuen Alex Mumbruk, amorratuta, aldageletara bidean, Perez Perez epaileari sekulakoak eta bi esan eta gero kanporatu zutenean. Muturreko eta zartako asko eman zizkioten elkarri Manresa eta Lagun Aroko jokalari batzuek. Uros Slokar esloveniarrak ez du hostia hitzaren esanahia ulertuko, agian, baina kolpeak ematen dakiela garbi geratu zen. David Doblasek bezala. Beste modu bateko kolpea jaso zuen Baskoniak Bartzelonan. 23 puntuko porrota kolpe handia delako, itxura hobea eman arren. Estudianteseko German Gabrielek bere garaian Bilbo Basketeko Marko Banici buruz esan zituenak bezalakoak: hostias como panes, gaztelaniaz. Alegia, muturreko edo kolpe festa.

Polemika. Manresan piztu dena, David Doblasen jarrerarekin kexu direlako. Haien esanetan, epaileek kale egin zuten Lagun Aroko pibota ez zutelako kanporatu. Doblas eta Slokar egurrean aritu ziren bata bestearekin, eta batek besteari eman ziona, eman zioten elkarri. Slokarrek nahi eta utzi zioten kolpeak eman zituen, baina gipuzkoarrei kosta egin zitzaien partida Manresakoen gogortasun bera erabiliz bakarrik irabaziko zutela barneratzea. Manresak muga-mugan defendatu zuen; eskua sartu, bultza, blokeoetan mugitu, dena... eta legezkoa da, epaileek uzten badute. Lagun Arok 30 minutu eman zituen hori egin gabe, baina egitea erabaki zuenean etorri ziren bisitarien kexak eta oihuak. Orduan egin zielako ihes norgehiagokak, eta egurra ematen edozeinek dakielako. Aurretik jaso eta jaso ibili denak ere bai.

Lasaitasuna? Bederatzigarren garaipena lortu zuen Lagun Arok, eta bost garaipenera utzi ditu jaisteko postuak. Hamabi jardunaldi geratzen direla, zaila dirudi Menorcak edo Granadak partida kopuru hori irabaztea eta Lagun Arok partida bakar bat ez irabaztea. Baina taldea ez dago ondo, eta ez du sentsazio onik ematen. Baron gabe, eta Doblas eta Salgado bere sasoi puntu onenetik urrun, Panko da erregulartasun apur batekin jokatzen duen bakarra, eta hori ez da nahikoa ACB bezalako liga lehiakor batean. Partida hasi aurretik, igandeko derbian zereginik ez duela entzuten zen Illunbeko kazetarien artean, Bilbo Basketek 15 edo 20 puntugatik mendera dezakeela Lasoren taldea.

Konfiantza? Bilbo Basketek Badalonan irabazi ondoren irabazi behar lukeena. Lukeena diogu, garaipena ona izan zelako, baina jokoa ez hainbeste. Taldeak adore handia erakutsi zuen partidari buelta emateko, 17 puntugatik galtzen joan ondoren, baina talde lana baino gehiago, jokalari jakin batzuen joko ona izan zen bizkaitarren makulua. Jackson, Blums, Vasileiadis eta Banicena, hain zuzen ere. Mumbru taldeko autobusean zegoen zain, ordurako, epaileak kanporatu ostean. Merezita, epaileek ez dutelako zertan irainik entzun. Bere lana ondo edo gaizki egin. Katsikarisen taldeak Lagun Aroren aurka jokatuko du igandean, eta faborito garbi dira. Distira handirik gabe ari badira ere, Lagun Arok ez duena daukalako: fedea.

Bartzelonaren herra. Baskoniak jipoi handi samarra hartu zuen azkenerako Bartzelonan, baina jokalarien adierazpenek ondo eutsi diotela erakusten dute. Ez dute burua galdu, eta lehen hiru laurdenetan egindako lan ona neurrian goraipatu dute. Atzo berri onak jaso zituen taldeak, Teletovicen errotulako tendinitisa eta Pape Sow-ren bronkitisa ez direlako larriak. Deigarriagoa izan zen Bartzelonako jokalariek Baskoniari ahalik eta zigor handiena emateko erakutsi zuten jarrera. Bidezkoa da, garaipen mingarriak eragina izan dezakeelako kolpea jaso duen taldearengan, etorkizunari begira, baina herra handi samarra sumatu zen. Victor Sadak ere garbi aitortu zuen, atarian: «Gure eremua markatu nahi dugu Baskoniaren aurka. Minduta gaude oraindik liga galdu genuelako, eta haiek egurtu nahi ditugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.