Zuzen mintzatzen da Javier Clemente. Ez du gauzak loratzeko joera, eta gorroto ditu txorakeriak. Hitzak bere gordinean esaten ditu. Horregatik, batzuek ezin dute ikusi ere egin. Beste batzuek, ordea, esaten duena esaten duela babesten dute, nahiz eta sekulako astakeria bota. Noiz edo noiz bota dituelako. Dena den, Clemente horrelakoa da; onerako eta txarrerako. Eta muturreko egoeretan, ekilibristen moduan, gustura egoten da. Txorakeriak ez bezala, saltsa, emozioa, presioa maite dituelako, are gehiago bera saltsa horretako perrexila bada. Baina etxean zaudenean zailagoa da muturreko egoerei aurre egitea. Garai batean goi joa zuen etxean, baina gero, urte batzuk geroago, zuloaren zulora erori zen. Hain zuzen, taldeak zulotik ateratzeko lanetan ibili da azkenaldian. Orain beste erronka bat du esku artean, aspaldian izan duen politena.
Izan ere, eta hori ez dago ukatzerik, Barakaldokoaren ospeak behera egin du azken urteetan. Athleticekin goia jo zuen, bi Liga irabazita. Artean 35 urte ere ez zituen Clementek, gabarraren garaian. Hura izugarria izan zen euskal futbolarentzat, ahaztezina. Noski, komunikabide batzuen esanetan, jokalari haiek ostikoak jotzen besterik ez zekiten. Bada, horietako jokalari batekin izandako ika-mika batengatik bota zuten Athleticetik: Sarabia edo Clemente, horixe zen auzia. Jokalariaren alde egin zuen Aurtenetxeren zuzendaritzak.
Jokalari indartsuak, bortitzak eta langileak gogoko ditu Clementek. Espainiako selekziorekin jokatzeko deitzen zituenetako batzuk zerrendatzea besterik ez dago horretaz konturatzeko: Alkorta, Voro, Sergi, Hierro, Bakero, Nadal, Abelardo, Julio Salinas... Txorakeria gutxi horiekin, Barakaldokoari gustatzen zaion bezala. Garai hartako Espainiako selekzioaren aldarria zirenak, Michel eta Butragueño, pare bat partidatarako bakarrik deitu zituen. Gero, inoiz ez. Komunikabide batzuek oraindik ez diote barkatu hori, nahiz eta Clementek eratu zuen selekzioa geroago etorri direnak baino sendoagoa eta fidagarriagoa izan.
Baina hautatzaile izan baino lehenago Espanyol zuzendu zuen. UEFAko finalera heldu zen Pitxi Alonsoren, Valverderen, Solerren, Lauridsen daniarraren, N'Konoren eta enparauen taldea. Zerua behatzen puntekin ukitzeko zorian izan zen berriro ere Clemente, baina Bayer Leverkusenek (Alemania) kolpetik lurreratu zuen, penaltietan. Sarria zaharrean biltzen ziren zaleek gozatu ederrak hartu zituzten. Finalerako bidean Milan eta Inter kanporatu zituzten, besteak beste.
Arrakastaren bidea aurkitzea zaila da; horretatik irtetea, berriz, erraza. Galde diezaiotela Clementeri. Bi Liga irabazi zituen Athleticekin eta Espanyol ezagutarazi zuen Europa osoan. Espainiako selekzioko hautatzaile kargutik kendu zutenetik, baina, ez da berriro arrakastaren bidetik joateko gai izan. Horren arrastoak ere ez ditu topatu. Entrenatu dituen taldeak ez hotz ez bero aritu dira haren aginduetara, hainbestean. Horietan ez ditu bi denboraldi jarraian egin. Halere, inoiz ez du erretiroa hartzeko intentziorik eduki. Entrenatzea atsegin du, jokalariekin egotea. Haien alde egin izan du beti; egoera edozein zela ere, defenditu izan ditu.
Eskola zaharrekoa da bera, eta desafioek ez dute kikiltzen. Horiekin motibatzen da gehien. Oraingoa ez da txantxetakoa. Etxean aurre egin beharko dio desafio berri horri. Hori muturrekoa dela diote. Bada, muturreko gizonak ospea berreskuratu nahi du, txorakeriarik gabe.Igor Susaeta
SOSLAIA. JAVIER CLEMENTE
Muturreko gizona, txorakeriarik gabea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu