Caja Laboral Baskonia 84. Gescrap Bizkaia 89

Muturrekoa, eta merezita

Grescap Bizkaiak hankapean ibili du une askotan Caja Laboral, eta epaileen erabaki polemikoei gaina hartu; borrokan sartu daPattal dabil Baskonia, pibotekin jokatu gabe, ezinean, eta Teletovicen punteriaren baitan

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Heurtel (-), San Emeterio (13), Oleson (-), Teletovic (26) eta Dorsey (-) —hasierako bostekoa—, Ribas (6), M. Bjleica (7), Seraphin (9), N. Bjelica (6).

Gescrap Bizkaia. Jackson (8), Grimau (7), Vasiliadis (21), Banic (12) eta D. Fischer (10) —hasierako bostekoa—, J. Fischer (2), Mavroeidis (6), Mumru (14), Raul Lopez (4), Blums (5).

Markagailua. 17-25, 36-41 (atsedenaldian); 62-61 eta 84-89.

Epaileak. Cerebuch, Vojinovic eta Anastopoulos. Aaron Jackson, Marko Banic, D'Or Fischer eta Vasiliadis kanporatu zituzten bost faltarekin.

Muturrekoa eta aurpegiaren erdi-erdian. Merezimendu osoz gainera. Gescrap Bizkaia bete-betean sartu da A multzoko lau onenen artean sartzeko borrokan, eta Gasteizen lortutako garaipenak bizkaitarren bolada txarra eten behar luke kolpetik. Atzo erakutsi zuten jokoa errepikatzen badute inork gutxik irabaziko dielako. Txaloak eta txalo gehiago Katsikarisen taldearentzat, oso partida ona jokatu zutelako, Baskonia sarri hankapean ibiltzeraino, eta norberaren baliabideak nola erabili behar diren lezioa emanda.

Arabarrak, aldiz, eskas. Teletovicen punteriaren baitan, San Emeterio eta Prigioniren noizbehinkako txinpartak... eta bale! Dorseyk bost minutu jokatu eta ez delako kantxara bueltatzen. Zertarako fitxatu dute? Kevin Seraphinen indarra aulkiko minutuek jaten dutelako. Milko Bjelica galduta dabilelako, eta Nemanja herrikidea hobetu nahian, baina defentsako akatsak barkatzen ez dizkion entrenatzaile egoskor baten erabaki ulertezinekin erregulartasuna lortu ezinik.

Baskonia gaur-gaurkoz non dagoen asmatzea ere... Ivanovici galdetu beharko zaio! Ez du defendatzen: 25 puntu hartu zituen lehen laurdenean. Heurtelek, fisikoki justu ezin du lagundu. San Emeteriori falta zaio, eta Teletovicek jota bukatu zuen norgehiagoka 36 minutu jokatu ostean. Oleson zeharo harrituta joan zen aulkira bi minutu jokatuta. Akats bat egin, eta aulkira. Nemanja Bjelicak bi hiruko sartu, eta bi falta egiteagatik, aulkira. Seraphin hirugarren laurden osoa aulkian, baina Milko Bjelica ezer berezirik egin gabe. Ze demontre gertatzen da?

Jota, buruz hondoratuta iritsi zen Bizkaia, eta hazita, Altubeko ordainsarian kabitu ezinik bueltatuko da etxera. Epaileen zigor ikaragarria jaso zutelako, baina egoera horri aurre egin eta ez zutelako inoiz etsi. Jackson kanporatu zuten epaileek 28. minutuan, D'Or Fischer sei minutu geroago, eta Roger Grimau 36. minutuan. Raul Lopezek ere orkatilan mina hartu zuen 25. minutuan, eta joko antolatzaile petorik gabe jokatu behar izan zuen azken laurden osoa. Bikain aritu ziren jardun horretan Josh Fisher eta Blums.

Trantsizio jokoan eraginkorra izan nahi duenak, ikus dezala bizkaitarren atzoko partida. Dozenaka puntu sartu baitzituzten defentsa ona egin, baloiak edo erreboteak berreskuratu, eta korrika egiteko garaian. Baloia Jacksoni eman, bi taldekide laguntzen saskiratze errazak lortzeko, eta beste biak hegaletatik hiruko erosoak egiteko. Joko estatikoan ere bikain. Mumbru pozarren egongo da, beti bilatu zuelako erantzun aproposa. D'Or Fischer eta Banic bezala, 12 eta 10 punturekin.

Beste izen bat, dena den, bizkaitarren kemena ulertzeko: Kostas Vasileiadis. Greziarrak 21 puntu pilatu zituen, eta %100 asmatu hirukoetan eta puntu bateko jaurtiketetan. Amesgaiztoa izan zen Pau Ribas eta Olesonentzat, eta berak gidatu zuen partida hondarreko iraultza. Grescap Bizkaiak 0-11ko partziala lortu zuen unea. 100 segundotan bakarrik. Azalpen bat eman dezakeenak, eman dezala.

A multzoak beldurra ematen du. Hiru talde hiru garaipenekin daude, Baskonia tartean, eta beste hiru birekin, Bizkaia tartean. Marko Banicen hausnarketa, bukaeran, bakarren batek hausnar dezan: «Bagenekien Teletovicekin bakarrik ez zigutela irabaziko». Entzun eta isilik geratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.