Muturrekoa, muturreko egoeran

Djokovic erretiratu egin da Australiako Irekiko final-laurdenetan, Roddicken kontra galtzen ari zela

IGOR SUSAETA / DONOSTIA
2009ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Iluntzean jokatu nahi zuen Novak Djokovicek. Joan den igandean Marcos Baghdatisi irabazi zion final-zortzirenetan, baina berandu bukatu zen partida; gero komunikabideekin-eta egon zen serbiarra, eta, hortaz, herenegun, entrenatu ere ez zen egin, bezperan 06:30ean oheratu zelako. Hori guztia argudiatu zuen Australiako Irekiko antolakuntzaren aurrean iazko garaileak, atzoko partida iluntzean jokatu ahal izateko. Ez zioten kasurik egin. Atzo eguerdian 38 gradukoa zen tenperatura, eta muturreko egoera horretan jokatu behar izan zuten Djkovicek eta Andy Roddickek final-laurdenetako partidetako bat. Estatubatuarrak ondo eutsi zion beroari, lehiari, eta finalerdiak jokatzeko sailkatu da. Djokovicek, ordea, pot egin zuen, eta muturrekoa jaso, muturreko egoeran. Erretiratu egin zen, 6-7, 6-4, 6-2 eta 2-1 galtzen ari zenean.

Laugarren seta jokatzen ari ziren, eta ordurako nekea pilatuta zeukaten giharretan. 150 minutu, bi ordu eta erdi. «Zainelduak izan ditut, eta mina sentitu dut gorputz osoan», aitortu zuen Djokovicek, lehiaketako laugarren zerrendaburuak. «Muturreko baldintzetan jokatu dugu, eta berari baino gehiago eragin didate niri». Etenaldi bakoitza lepoan izotzez betetako poltsak jartzeko baliatu zuen serbiarrak. Baina horrela ere ez. Bere mugimenduak motelak ziren eta sakean ez zen, ez, ondo ari.

Behin hirugarren seta bukatuta, masaje batzuk eman zizkioten besoetan, lepoan eta hanketan. Horrek ez zituen minak arindu. Beste 14 minutu iraun zituen Djokovicek. Roddickek, berriz, laugarren aldiz jokatuko ditu Australiako Irekiko finalerdiak.

Roger Federerren marka askoz ere ikusgarriagoa da. 19. aldiz jarraian Grand Slam bateko finalerdiak jokatzeko sailkatu zen atzo. Suitzarra jada ez da ATPko liderra, baina tenislari handia da. Sekulako astindua eman zion Juan Martin del Potrori: 6-3, 6-0 eta 6-0. 80 minutu baino ez. Egin kontu: azkeneko 13 jokoak jarraian irabazi zituen Federerrek.

Inoizko tenislari onenak ere nekez aurre egingo zion atzo Federerri. Bederatzi huts besterik ez zuen egin, eta 12 sake sartu zizkion aurkariari. «Partida bukatu ondoren 'zorionak egindako torneoagatik' esan zidan Federerrek.Gutxigatik ez dut bertan akabatu», adierazi zuen Del Potro argentinarrak, umore onean.

Emakumezkoetan, errusiar batek, gutxienez, finala jokatuko du. Izan ere, Vera Zvonareva eta Dinara Safina elkarren kontra ariko dira finalerdietako batean. Zvonareva aurrenekoz sailkatu da Grand Slam torneo bateko finalerdiak jokatzeko, Marion Bartoli italiarrari erraz irabazi eta gero: 6-3 eta 6-0. Dena den 3-1 galtzen hasi zen. Safinak, berriz, set bat galdu zuen Jelena Dokicen aurkakoan (6-4, 4-6 eta 6-4), baina ondo sailkatu zen iragarpenak beteta. Gaur, berriz, final-laurdenetako gainontzeko lau partidak jokatuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.