Apustua

Muturrera eramandako lehia

Mikel Larrañaga aizkolariak irabazi zuen Azpeitiko lehia, baina ederki kostata. Txikon erietxera eraman behar izan zuten, hipogluzemiak jota.

Txikon, lasterka, Azpeitiko zezen plazan. UROLA KOSTAKO HITZA
2017ko uztailaren 2a
11:42
Entzun

Jendez gainezka zen larunbatean Azpeitiko zezen plaza. Izan ere, lehia ikusgarria zen jokatzekoa bertan. Aurrez aurre izango ziren Mikel Larrañaga aizkolaria eta Alex Txikon alpinista. Apustua, gainera, ez zen edonolakoa: ehun kiloko zilindroari hogei jasoaldi lehenik, aizkoran saioa ondoren eta 7,5 kilometro lasterka, azkenik. 

Kirolari bakoitzak 6.000 euro jokatuak zituen apustuan. Ikuskizuna ziurtatua zen, beraz. Ordea, espektakulua ez zen esperotakoa izan. Lehia eten egin behar izan zuten, bai Larrañaga eta baita Txikon ere akituta zeudelako. 

Kirola gogorra bada, apustuak are gehiago izan ohi dira maiz. Kirolariak euren indarrak muturreraino eramaten dituzte, ikuskizunaren mesedetan. Ordea, hori euren osasunaren kaltetan izan ohi da. Horixe gertatu zen larunbatean Azpeitian. 

Harri jasotzearen ostean, aizkoran hasi ziren Larrañaga eta Txikon; hamar kana-erdiko ebaki zituen lehenak, eta bi gehiago bigarrenak. Azken probari ekin zioten jarraian. Alpinista zihoan aurretik, baina halako batean nekea gailendu eta 40 itzuli geratzen zitzaizkionean geratu egin behar izan zuen ura edatera. Jarraitu egin zuen, hala ere. Ordea, balantzaka zihoan bidean. Afizioak, bitartean, jarraitzeko eskatzen zion oihuka. Baina azkenean lurrera erori zen Txikon, akituta. Erietxera eraman behar izan zuten mendizalea, hipogluzemiak jota.

Larrañaga ez zegoen askoz hobeto. Txikon erretiratu baino lehenago hasia zen hura ere nekearen pisua nabaritzen. Oinez, balantzaka, amaitu zuen aizkolariak apustua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.