Roland Garroseko jaun eta jabea dela erakutsi du berriro Rafael Nadalek (Manacor, Herrialde Katalanak, 1986), gaur zazpigarrenez irabazi baitu. 4-6, 3-6, 6-2 eta 5-7 hartu du mendean Novak Djokovic.
Atzo euria zela-eta bertan behera utzi behar izan zuten Parisko finala, Nadal 4-6, 3-6, 6-2 eta 2-1 aurretik zela, eta gaur 13:10etan heldu diote partidari. 50 minututan jokatu dute.
Gaurkoarekin Nadalek Grand Slameko 11 titulu daramatza: zazpi Roland Garros —inork ez ditu horrenbeste irabazi; Bjorn Borgek sei aldiz lortu zuen—, bi Wimbledon eta Australia eta AEB bana. Djokovicek Grand Slameko bost torneo ditu irabazita: Australia hiru aldiz, eta behin Wimbledon eta AEB.
Roger Federerrek irabazi ditu Grand Slameko txapelketa gehien: hamasei. Pete Sampras dago bigarren sailkapen horretan, hamalaurekin. Roy Emerson hirugarren, hamabirekin. 11rekin, Nadalez gain, Rod Laver eta Borg.