FUTBOLA SELEKZIOA AUZITAN

Nafarroa vs. Euskadi:ez, eskerrik asko

MIKEL UZKUDUN
2003ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Gabonak ate joka ditugu eta, azken urte hauetako ohiturari jarraituz, Euskadiko kirol federazioek euren selekzioen partidak antolatzeari ekin diote.

Aurten, ordea, inork espero ez zuenean, Nafarroatik etorri zaigu proposamen berria. Alegia, Nafarroako futbol selekzioak ere jokatuko omen du Eguberrietako partida, Burkina-Fasoren aurka.Ekimen honek hautsak harrotu ditu kirolean, baina baita politikan ere. Zer egin behar dute orain arte Euskadiko selekzioan jokatu duten Osasunako nafar jokalariek? Norekin jokatuko dute Atlheticeneta beste taldeetan dauden nafar jokalariek? Nafarroako Futbol Federazioak egin duen jokaldia, kirol jokaldia baino gehiago, politikoa izan dela deritzot, nahiz eta nahiko ondo ezkutatzen saiatu. Ikusi besterik ez baitago nortzuk diren aipatu federazioaren bidaia lagunak: Diario de Navarra, Nafarroako Gobernua eta Nafarroako Aurrezki Kutxa...Ekimen honek, besteak beste, hiru helburu nagusi dituela esango nuke. Lehenengoa, Euskadiko selekzioarekin jokatzen duten nafar jokalariei, Osasunakoei batez ere, pultsua bota eta estutasunean jartzea, norekin jokatu erabaki dezaten. Bigarrena, Nafarroako eta Euskadiko euskal zaleak zatitzea. Eta hirugarrena, Euskadiko Futbol Federazioa konpromisoan jartzea.

Afera honetan Osasunako eta Atlheticeko nafar jokalariek, baldin eta bi selekzioetarako hautatzen badituzte, norekin jokatu erabaki beharko dute. Eta erabakitzea ez da inoiz samurra izaten. Are gutxiago orain. Nafarroako Futbol Federazioaren eta enparauen jokaldia itsusia eta fede txarrez egina izan da, eta ondorioz, jokalariek hartzen duten erabakia hartzen dutela, euskal futbolzaleok, bat eginda, erabakia errespetatu eta babestu egin behar dugu.

Halaber, Euskal zaleok erantzukizun handia daukagu afera honek guztiak har dezakeen norabidean, eta San Mameseko partidan, baina batez ere Sadarreko partidan, elkar hartuta izan behar dugu, euren helburua zapuztuz. Eta Euskal Herriko selekzio bat eta ofiziala ozenki aldarrikatuz.Euskadiko Futbol Federazioak ere badu erantzukizuna, nola ez. Orain arte, jokalari nafarrak sartu izan ditu bere deialdian, eta txalotua izan da horregatik. Oraingoan ere sartuko dituela espero dut, baina oraindik ez du zeintzuk esan; eta bada garaia adierazpenen bat egiteko, jokalariek merezi dute eta. Hala ere, Nafarroako Futbol Federazioaren erabakiak Euskadikoari zer pentsa emango diola iruditzen zait. Bai baitzirudien Euskadiko Futbol Federazioaren eskumen esklusiboa zela selekzioaren partidaantolatzea, eta oso lasai eta eroso sentitzen zen urteroko hitzorduarekin. Uste dut, hemendik aurrera, konpromiso serioago batzuk hartu beharrean izango dela, eta urrats berriak egin beharko dituela, euren ekimenak sinesgarritasun apur bat izan dezan eta urteroko folklorismo huts bihur dadin nahi ez badu, bederen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.