Nagusi eta morroi

Telebistak atsedenak eska ditzake lau t'erdikoan. Oraindik zehazteke dago noiz hasiko diren neurria erabiltzen eta nola egingo duten. Iñigo Urreaga errealizadoreak argitu du pixka bat kontua.

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko urriaren 15a
00:00
Entzun
Kirol profesionalak telebistarekin duen morrontza hedatuz doa. Gero eta zabalagoa da, eta gero eta kirol gehiago ukitzen ditu. Kirolek ere men egiten dute, diru iturri garrantzitsuenak uhinen bidez -orain LTDan zehar- iristen direlako. Pilotan aspaldikoa da menpekotasun hori, eta hastera doan lau t'erdikoan berriz ere zalaparta sortu du, telebistek bi atsedenaldi eskatu ahal izango dituztelako iragarkiak sartzeko. Momentuz Nitro kateak emango dituen partidetan gertatuko da hori, larunbatetakoan. Baina, Iñigo Urreaga Frontón saioko errealizadoreak azaldu duenez, oraindik ez dakite noiz hasiko diren partidak eteten. «Ez dakigu aste honetan izango den, hurrengoan edo noiz. Lau t'erdikoaren aurkezpenean txapelketan izango zela esan zuten, baina oraindik ez dago zehaztuta noiz hasi».

Lau t'erdikoaren aurkezpenean, Borja Oses EPELeko epaile bakarrak partidak errealizadoreak etengo dituela adierazi zuen, eta berak jakinaraziko ziola erdiko epaileari noiz eten. Azalpena ez zen zehatza, baina normala da, neurria bera ere oraindik argitzeke dago -txapelketako arautegian ez da ageri-. Oinarrian LTD bidezko kateen inguruko publizitatearen legearen bi interpretazioren arteko talka bat dago. Batetik, Antena3k kudeatzen dituen LTD bidezko kateetan (Nova, Neox eta Nitro) publizitatea batera sartzeko beharra dago, eta, bestetik, kirol emankizunak zuzenean eteteko debekua.

Horiek hala, Frontón saioa publizitate hori kokatzeko tartea bilatu beharrean dago, eta, bide batez, etorkizun ekonomikoa iragarkietan dagoela gogoratu du Urreagak. «Publizitate tarteak Madrildik iristen zaizkigu, eta guk tartea egin behar diegu. Adibidez, 19:00etatik 19:30era bi minutu sartu behar ditugula esaten badigute, sartu egin behar ditugu, eta guk ez dugu jokoa moztu nahi. Atseden normalak erabil ditzakegu, baina ez badaude, guk eten behar dugu partida. Gero legeak dio ezin dela partida eten, eta ikusi beharko da tanto artean eten ahal izango den».

Bainet da Frontón saioko ekoiztetxea. Baina publizitate blokeak ezin ditu kudeatu; Antena3etik iristen zaizkio, jatorrizko telebistatik. Orain arte, Tele5n, malgutasun handiagoz kudea zitzaketen. Etenaldiak pilota telebistaz emateko betebeharretako bat dira. «Ez dira gutizia bat», dio Urreagak. «Pilotariek jakin behar dute telebista dela finantzabideetako bat. Gainera, neurriarekin pilotariren batek esan zuen enpresak aberasten zirela, baina pilotariei ere ordaindu behar zaie».

Fede txarrik gabe

Urreaga ibilbide luzeko teknikaria da, eta gogoan du 1990eko hamarkadaren hasieran Kanadan lanean ari zela futbol amerikarreko partidetan telebistako errealizadorearen eta partidako epailearen artean irrati harreman zuzena zegoela. Bera kirolaren eta telebistaren arteko harreman zentzuzko baten aldekoa da. «Pilotari batzuk antigualekoak dira oraindik. Telebista barneratu egin behar da. Lau t'erdiko Txapelketa bera telebistaz emateko sortu zen, eta ordutegiak ere telebistak aldatu zituen».

Telebistaren atsedenaldien kontuak hauts asko harrotu du, eta hein handi batean aurreko asteko aurkezpenean, babesleen aurrean, Iñigo Salbidea Asegarceko gerentearen eta pilotari batzuen artean sorturiko liskarrarengatik izan zen -Juan Martinez de Irujo eta Titin III.a zeuden tartean-. Haserrearen muina neurria azken unean jakin izana izan zen, baina azpian Aspeko pilotarien mesfidantza ere azaleratu zen, Bainet Asegarceren ekoiztetxea delako eta telebista atsedenaldi horiekin Bilboko enpresako pilotariei mesede egiteko aukera zegoelako. Urreagak argi utzi nahi du ez dela hala izango, eta nahita ere ezingo lukeela egin. «Garbi utzi nahi dut ez dela inolako fede txarrik izango. Pilotari bat bolada onean dagoenean ez dugu partida nahita etengo. Niri pilotalekuko inork ez dit esaten noiz gelditu, eta nahiko balu ere, ezinezkoa litzateke, nik ez baitut harremanik teknikariekin. Nirea iragarki tarte hori sartzea da».

Frontón saioko talde teknikoak badu eskarmentua pilota zuzenean ematen, eta, errealizadoreak dioenez, partidaren nondik norakoan ahalik eta gutxien eragiten saiatuko dira. Halere, ezin du ziurtatu saketik eginiko tanto batean etenaldirik egongo ez denik. «Zaila izango da, eta gerta ez dadin saiatuko gara. Baina gerta daiteke. Dena den, hauek guztiak hipotesiak baino ez dira, sistemarekin hasi arte ez baitugu jakingo nola izango den». Gainera, Nitro kate berriak pilota ematen batere esperientziarik ez izateak ez du errazten egoera. Dena den, baliteke larunbatean egitea lehen etenaldiak. Tartean, ETBk jakinarazi du hasieran behintzat ez duela eskubide hori erabiltzeko asmorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.