Caja Laboral Baskonia 76. Maccabi 70

Nahi dute, ahal dute

Baskoniak aurrerapauso garrantzitsua eman du, Maccabi legez menderatuta; arabarrak 1-0 aurreratu dira, defentsan bikain jokatuzTalde lanak erabaki du; Logan, Teletovic, Batista, Barac... denak aritu dira ondo

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskonia. Huertas (8), Oleson, San Emeterio (13), Teletovic (12), Barac (17) —hasierako bostekoa—; Logan (14), Ribas (5) eta Batista (7).

Maccabi. Pargo (7), Perkins (10), Eidson (11), Eliyahu (12), Macvan—hasierako bostekoa—; Schortsanitis (4), Blu (7), Hendrix (16) eta Pnini (3).

Markagailua. 26-14, 46-32 (atsedenaldian); 61-55 eta 76-70.

Epaileak. Ziemblicki, Pukl eta Anastopoulos. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. Ia goraino bete zen Buesa Arena pabiloia, 9.450 ikusle inguru. Palestinako bandera asko izan ziren harmailetan.

Beste final-laurdenak. Olympiakos-Montepaschi Siena (89-41), Bartzelona-Panathinaikos (83-82) eta Real Madril-Power Electronics Valentzia (71-65).

Desioa, grina, nahia. Bihotza, arima, burua. Borroka, talentua eta konpromisoa. Denak ikusi ziren atzo Buesa Arenan, denak ikusi behar zirelako Baskoniak garaipena lor zezan. Garaipen garrantzitsua, agian erabakigarria. Lau partida falta dira oraindik, baina 1-0ekoak bat eskas hori baino askoz gehiago esan nahi du. Aurkaria gainditzeko gai zarela esan nahi du. Aurkariaren nekea astunagoa egiten duzu, giharrez gain burua ere osatu egin behar duzulako. Ostegun gaueko 2-0eko markagailua zama astun-astuna bilaka litekeelako, eta emaitza horrek ia ezinezko egingo lukeelako Israelgoen ahalegin oro. Bakarra lortu du Baskoniak, eta hiru behar ditu, baina bakar horrek asko balio du. Asko.

Baskoniaren fedea bezala. Ikaragarria delako. Bere ahalmenean sinesten du emaitzak emaitza, eta hazi egiten da hitzordu handietan. Eta sinesten duelako ematen du bere onena. Nahi dutelako ahal dute. Eta ahal dutelako lortu zuten lehen garaipena. Ona. Zalantzak uxatzen dituena. Baskoniak minutu askotan hankapean ibili zuelako Maccabi. Sei puntugatik irabazi zuen Ivanovicen taldeak, baina askotan izan zuen 10-12 puntukoa. Arabarrek komeria txiki batzuk izan zituzten partida garaiz ixteko, baina sei puntuko aldeak ez du bi taldeen arteko diferentzia erakusten. Maccabi ez dago sei puntura, gehiagora baizik, eta hori ere garrantzitsua da biharko partidari begira.

Baskoniak lehen zati bikaina egin zuen. Aspaldiko onena, eta Ivanovicen gustukoa. Defentsan estutuz, jokalariak elkarri asko lagunduz zaintza bikoitzekin, eta Maccabiren baliabide aberatsenak kamustuz. Bata bestea ezagutzeko minutu batzuk hartu ostean, inurri lanean hasi zen Baskonia. San Emeteriok hiruko bat saskiratu zuen, eta 14-9koa jarri markagailuan. Zortzi puntu saskiratu zituen Santanderkoak lehen laurdenean, baina benetako iraultza David Loganekin etorri zen. Aginte makila hartu zuen estatubatuarrak eta bi hiruko eta biko beste bat saskiratu zituen aitaren batean, parean zituen guztien ahalegina alferrikako eginez.

Ezin utzi alde batera Stanko Baracen lan bikaina. Epela da jarreraz. Bai. Ernegatzeko moduko akatsak egiten ditu saskipean. Baita. Baina oso ona da. 217 zentimetrorekin ederki mugitzen da saskipean, eta hiruzpalau metroko jaurtiketarekin ere min handia egiten du, bere pibota kanpoaldera erakarriz. Faltekin dituen arazo txiki horiek konpontzen ikasten duenean geldiezina izango da.

Opari gehitxo

26-14 aurreratu zen Baskonia lehen laurdenean, eta egurrean jarraitu zuen bigarrenean. Teletovic eta Batistaren eskutik. Kapitainak dotore jokatu zuen. Orain hiruko bat, ondoren errebote batzuk... Batistak ere merezi ditu loreak: sei puntu eta sei errebote bigarren hamar minutukoan. Lana egina zegoen atsedenerako, 46-32, baina Maccabi ez da herrena.

Estutu egin zuen, eta Hendrixek Batista zigortu zuen. Ivanovicek Baracen akats pare batekin egin bezala, baina erratu egin zen entrenatzailea, Barac funtsezkoa delako. 47-42, 53-48 eta 60-55 hurbildu zen Maccabi hirugarren hamar minutukoan, eta 61-57 laugarren laurdeneko lehen jokaldian. Beldurra. Izua. Zalantza. Eta denak kolpe batean uxatzeko, Baskonia.

Lau minututan saskiratu gabe utzi zuelako Maccabi berriro defentsa bikaina eginda. Logan eta Barac ederki moldatu ziren elkarrekin, eta partida hautsi zuten: 69-57. Bukaeran hiruzpalau opari inozo egin zituen Baskoniak, baina ordurako erabakita zegoen norgehiagoka. Zorionez. Baskoniak nahi duelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.