«Nahi duzu nire sexua ikusi?»

'Semenya kasuak' berpiztu zuen sexu kontrolari buruzko eztabaida, 2009an. Gutxi izan dira horren baldar eta errespetu gutxirekin tratatutako kasuak.

enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Gizonezko bat dirudi, eta ulertzen dugu jendeak galderak egitea. Baina ez da. Behin, Lurmutur Hirian, gasolindegi batean, emakumezkoen komunera bidean zihoala, hango beharginak gizonezkoena non zegoen erakutsi zion. 'Nahi duzu nire sexua ikusi?', ihardetsi zion Semenyak. Bere gelakideen telefono zenbakia ere eman diezazueket. Haiek dutxan ikusi dute, eta ez dauka ezer ezkutatzeko». Michel Semek esana da hori, Caster Semenyaren entrenatzaileak esana, 2007ko abuztuan. Kasua lehertu berritan atletaren inguruan sortu zen jakin-min gaizki ulertu eta erabiliaren adibideetako bat.

Berlinen lehertu zen dena, baina aurretik zetozen zalantza eta juzkua. Afrikako txapelketan 800 metroko proba irabazi zuelako lehenago (1.56,72), 18 urterekin, eta Munduko Txapelketakoa Berlinen bertan (1.55,45). Finalerdietan hasi zen zalaparta. Markak berak, lehendik zetorren guztiak eta Semenyaren kontra aritutakoen purrustada eta erneguek amildu zuten dena. «Ez dakit gizonezkoa den edo emakumezko sentitzen den, baina niri gizonezko batek irabazi dit», zioen final hartan seigarren egindakoak, Elisa Cusma italiarrak. «Semenya eta hamar gizonezko aurrez aurre jarrita, ez nuke jakingo esaten emakumezkoa bera dela», esan zuen Maite Martinez espainiarrak.

Orduan hasi ziren Semenyaren jatorriari buruzko erreportajeak, haren familiaren inguruko presioa, zurrumurruak eta txutxu-mutxuak. Hermafrodita zela, barrabilak zituela... Txikitatik Limpopo probintziako etxaldean jasandako burla eta irainak nahikoa ez, eta zirku mediatikoaren erdi-erdian jarri zuten Semenya, hari buruzko datuen konfidentzialtasuna hankapean hartuta.

IAAFek lehiatzea debekatu zion kasua argitu bitartean. 11 hilabete pasatu ziren erabakia hartu arte. Lehiaketetara bueltatzeko baimena eman zioten, eta ez zioten dominarik kendu. Egindako proben berri ez zuten eman. «Anomalia genetikoa» duela, besterik ez. Iazko uztailetik ari da berriz lehiatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.