«Taldeak lan egin du, eta nik ere neurea egin beharko dut, bestela kexatu egingo dira-eta!». Mark Cavendishen (Highroad) aurpegiari begiratu, eta horrelako zerbait uler daiteke. Jartzen da taldekideen babesean, ekiten dio esprintari, altxatzen ditu bi besoak, egindako lana eskertzen die taldekideei, jasotzen ditu sariak, hitz egiten du kazetariekin, eta hurrengo etaparen soslaiari begira jartzen da. Cavendishek nahigabe bezala irabazten ditu Frantziako Tourreko etapak, gidoiak hala eskatuko balio bezala. Tourreko zazpigarren etapak ez zeukan mendate bakar bat ere ibilbidean, eta gertatu behar zuena gertatu zen. Ihesaldia, Highroaden eta Garmin-Cerveloren kontrol lana, eta Cavendishen garaipen argia. Itsusia izango zen taldekideen lanari errematerik ez ematea.
Man uharteko esprinterrak pilatu du Tourreko bigarren garaipena ere —beste inork ez ditu irabazi bi etapa aurtengo Tourrean—, eta egin ditu hurrengo asteazkenera arteko lanak. Gaur eta bihar esprinterren tropeltxoan sartu eta denbora galera pixka bat zaintzea izango da Cavendishen lana; etzi gozatu ederra hartuko du Tourreko lehen atseden egunean; eta etzidamu, 10. etapan, ihesaldiren batek zapuztuko du bere balizko garaipena. Asteazkenean esnatuko da berriz, eta nahi gabe bezala jarriko da taldekideen babesean; nahi gabe bezala ekingo dio esprintari; eta, ezuste handirik ezean, nahi gabe bezala irabaziko du Tourreko hirugarren etapa. Tropelean ez dago bera bezain txirrindulari bizkorrik, eta Tyler Farrarrek (Garmin-Cervelo), Alessandro Petacchik (Lampre), Andre Greipelek (Omega Pharma-Lotto), Jose Joaquin Rojasek (Movistar) eta gainerakoek lanak izango dituzte Highroadeko esprinterraren parean jartzeko.
Gaur ohetik jaikitzeko lanak, berriz, Bradley Wigginsek (Sky) eta Tom Boonenek (Quick Step) izango dituzte, beste batzuen artean. Urtero izaten dira erorketak Tourrean, eta urtero geratzen dira faboritoetako asko eta asko bide bazterrean, aurrera egin ezinda. Baina aurten bereziki gogorra izaten ari da Tourra zentzu horretan. Herenegun Janez Brajkovicek (RadioShack) hartu behar izan zuen etxerako bidea, lepauztaia hautsita, eta atzo Wiggins geratu zen Tourretik kanpo, lesio berberarekin. Dauphine irabazita, gorputza ederki finduta, mendiko etapen zain zegoen jada britainiarra. Baina ospitalean amaitu zuen atzoko etapa.
Helmugara iristeko 36 kilometro eskas falta zirenean izan zen eguneko erorketarik garrantzitsuena. Ezkerrera begiratu, eta Wiggins lurrean, besoari helduta; eskuinera begiratu, eta Horner, errepide bazterreko zuloan sartuta, altxatu ezinik; ingurura begira hasi, eta Leipheimer, gorputzeko arrastoei begira... Sky taldekoa etxera joan zen, eta RadioShackeko bikoak galera handia pilatu zuen helmugan. Leipheimerrek 3.06 minutu galdu zituen, Ryder Hesjedalek (Garmin-Cervelo), Edvald Boasson Hagenek, Geraint Thomasek (Sky), Aleksandr Kolobnevek (Katuxa), Beñat Intxaustik (Movistar), Tyler Farrarrek (Sky) eta Roman Kreuzigerrek (Astana) bezala. Eta Horner azken postuan helmugaratu zen, kolpez josita, tropel nagusiarengandik 12.31 minutura.
RadioShack taldea umezurtz geratzen ari da Tourreko lehen etapetan. Lau taldebururekin ekin zion Tourrari, eta tantaka-tantaka, denak erortzen ari dira. Brajkovic, Leipheimer, Horner... Andreas Kloeden da orain taldeburu argia, eta gainerako taldekideek haren alde lan egingo dute mendiko etapetan. Sky taldean, berriz, Wigginsen erretiroarekin askatasuna irabaziko dute Boasson Hagenek eta Rigoberto Uranek —atzo erori egin zen kolonbiarra, eta 3.06 minutu galdu zituen—.
Haizeak piztu zuen lehen kilometroetan telebistari begira jarri eta lo hartzeko apropos-aproposa zen etapa. Yannick Talabardonen (Saur Sojasun) erasoarekin, laugarren kilometrorako hasi zen gorpuzten ihesaldia. Lau txirrindulari joan ziren ihesean: Talabardon bera, Gianni Meersman, Mickael Delage (Francaise des Jeux) eta Pablo Urtasun (Euskaltel-Euskadi). Argi zegoen ahalegin antzua izango zela, baina txukun egin zuten lan laurek, errelebo onak emanez. Tropelak erraz kontrolatzen ditu horrelako ihesaldiak, eta aurreko laukoteak indarrak gordetzea erabaki zuen, bazekielako eurek erritmoa jaitsiz gero tropelak ere antzera egingo zuela.
Baina haizeak erotu zuen etapa. Garmin-Cervelo eta Highroad egurrean hasita zeudela gertatu ziren erorketarik gehienak, eta azken 40 kilometroak hegan egin zituzten. Helmugara iristeko 14 kilometro eskas falta zirenean amaitu zen laukotearen ahalegina. Eta hortik helmugara artekoa Highroaden erakustaldia izan zen. Faboritoen taldeak, berriz, taldeburuak aurre-aurrean eramaten saiatu ziren, tentsio handiko etapa amaieran.
Erdialdeko mendikatea
Esprintak, haize-babesak eta ukondo festak ahaztuta, igoerak etzan baina gogorrak iritsiko dira hurrengo bi etapetan. Txirrindulariek oraindik ez dituzte igoko Pirinioetako eta Alpeetako mendatetzarrak. Baina itoak izaten dira beti Erdialdeko mendikateko igoerak. Super Besse hirugarren mailako mendate gogorrean amaituko da gaurko etapa. Kilometro eta erdiko igoera motza da, baina batez bestekoa %7,6koa da. Bihar, berriz, zortzi mendate igo beharko dituzte, azkena helmugara bidean, laugarren mailakoa. Mugimendu garrantzitsuen garaia da.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Nahi gabe bezala irabazten du
Highroadek dotore lan egin du azken kilometroetan, eta Mark Cavendishek nagusitasunez irabazi du bere bigarren etapaWigginsek lepauztaia hautsi du, Hornerrek 12.41 galdu du, eta Leipheimerrek 3.06
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu