Juanma Lillok behin esan zuen futbolean ez arriskatzea dela arriskurik handiena. Ez da egia biribila, irabazten gehien saiatzen dena joaten delako sarri esku-hutsik, baina askotan betetzen da, atzo bezala. Garaipen gozoa lortu zuen Realak. Gozoa, ia azken unean iritsi zelako; baina, batez ere, gorputz eta arima irabazi nahi izan zuelako eta aurkariak baino meritu gehiago egin zituelako. Espanyol berdinketaren bila etorri zen Anoetara, lotsa gabe. Irabazteko zorian ere egon zen bigarren zatian, Realaren apustuaren lepotik. Baina bidezkoena izan zen azken emaitza. Sailkapenean arnasa hartzeko eta, batik bat, konfiantza berreskuratzeko balioko dio Realari.
Zelaian oso ondo jarrita irten zen taldea. Azken bi partidetako itxura txarra hobetzeko gogoa agerian utzi zuen. Lehen minutuetan kosta egin zitzaion Espanyolen areara gerturatzera, baina pixkana aginte makila hartuz joan zen, eta berak ezarri zuen erritmoa. Espanyolek baloia atzean eroso antzean erabili zuen bolada laburren bat kenduta, Reala izan zen nagusi lehen zatian. Espanyolen zelaian baloi dezentetan kendu zien kontrarioei, erdilarien presioari esker, eta arrisku handia sortu zuen halakoetan, hegaletatik azkar jokatuz. Zurutuza, Prieto eta Griezmann asko sartu ziren jokoan, De la Bella eta Carlos Martinezen igoeren laguntzarekin.
Azken metroetan zehatzago jokatzea besterik ez zitzaion falta taldeari. Erdiraketetan ez zuen beti asmatu, eta asmatu zuenean, errematean egin zuen huts. Gola sartzeko abagune garbiak izan zituen. 13. minutuan, esaterako, Tamudok Kameniren eskuetara bidali zuen buruz Carlos Martinezen erdiraketa. Baina lehen zatiko azken ordu laurdenean egin zuen Realak min handiena. Tarte horretan, areatik irten ezinik eduki zuen askotan Espanyol. Prietok eta Ansotegik errematerako aukera onak izan zituzten area barruan, baina ez ziren fin aritu. Garbiena, ordea, Zurutuzak eduki zuen. Prietok kontraerasoa ondo eraman zuen eta primeran jarri zion baloia, baina burukada kanpora joan zen ozta-ozta.
Parekotasun handia
Defentsan, berriz, gutxi sufritu zuen taldeak. Luis Garciak eskuin hegaletik egindako erdiraketak izan ziren Espanyolen arrisku iturri ia bakarra. Halako batean abagune garbi samarra izan zuen Osvaldok, baina Bravok ondo gelditu zuen haren eskuinkada. Gainerakoan, taktikoki sendo aritu zen Reala, Liga hasierako intentsitatea berreskuratuta. Bigarren zatian, ordea, kosta egin zitzaion aurrenekoaren erritmoari eustea. Dezente moteldu zen partida. Espanyolek oldarkorrago jokatu zuen eta jokoa gehien komeni zitzaion moldera eramatea lortu zuen. Reala, berriz, hotzago aritu zen. Hegaletatik jokatzen jarraitu zuen, ondo gainera, baina azken pasean asmatu gabe.
Azeleragailua zapaltzen zuten bakoitzean, estu hartzen zuten Espanyol Martin Lasarteren jokalariek. Aukera bakarrak haienak ziren oraindik ere; Mikel Gonzalezek korner batean egindako burukada eta Tamudok ezerezetik ateratako jaurtiketa itxia, esaterako. Baina denbora aurrera zihoan, eta horrekin batera, urduritasuna iritsi zen. Zale askok Llorente zelairatuko lukete une horretan, bi aurrelarirekin jokatzeko, baina Lasartek bereari eutsi zion, eta Tamudoren ordez zelairatu zuen, Zurutuza ondo ari zelako, eta taldea hausteko arriskua ikusten zuelako beharbada. Aldaketak, ordea, ez zuen ondorio handirik ekarri. Hori gutxi balitz bezala, Espanyol min egiten hasi zen kontraerasoan. Duscher eta Callejon bitan behartu zuten Bravo.
Txiletarra izan zen partidako heroia, Sarpongekin batera. Ajaxetik fitxatutako erdilari gazteak freskotasuna eta abiadura eman zizkon Realari. Jokoan sartu eta berehala, bi barneraldi egin zituen. Gero, falta batean, sekulako zartada eman zion baloiari. Langan jo ondoren, Forlinek bere atean sartu zuen. Orduan bai, denbora galtzeari utzi, eta suspertu egin zen Espanyol. Seguru ordura arte arriskatu ez izana damutuko zitzaiola, oso minutu gutxi gelditzen baziren ere estu hartu zuelako Reala. Bravok bi bider salbatu zuen bere taldea. Txiletarra erabakigarria izan zen, baina funtsean, taldeak erakutsitako borondatearen sariaizan zen garaipena.
Nahi izan duelako
Realak txukun jokatu du berriro, eta bolada txarra eten, partida amaieran Espanyolek bere atean sartutako golari esker
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu