Nahi duten tokian daude. Nahi duten moduan. Maldan gora zegoen finalerdia orekatuta, eta finala jokatzetik gertu. Bai, behintzat, aurkaria baino gertuago. Caja Laboral Baskoniak eta Real Madrilek behar dituztelako garaipen pare bat, baina hurrengo biak Gasteizen jokatuko direlako, 15.000 zaleren babesean. Horrek esan nahi duen guztiarekin. Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu zuen finalerdiko lehen partidan, eta orain garaipen horri zukua ateratzen ahalegindu behar du. Pausoz pauso, lehen lana gaurkoa irabaztea da, etzikoan Real Madrilek presioa gordin-gordin sentitu dezan. Madrilera ez bueltatzea da erronka, han bosgarrena irabaztea kontu zaila baita.
Besteak beste, epaileek erakutsi duten irizpidearengatik. Dusko Ivanovicek muzin egin zion epaileei buruz hitz egiteari. Pablo Lasok talde baten eta bestearen jokatzeko moduan bilatu zuen falta kopuruaren aldea azaltzeko argudioa —Real Madrilen kontraerasoak gelditzeko aurkariek falta asko egiten dituztela—, baina Josean Kerejetak eman zuen azalpen zabalena: «Hamahiru falta gehiago adierazi dizkigute, hamazazpi jaurtiketa libre gehiago. Real Madril 1,14 segundoan bakarrik egon da bonusean, eta hiru laurdenetan jaurtiketa libre bakarra egin dugu. Badakit epaileen lana zaila dela, baina zenbaki susmagarriak dira, ezta?».
Guztira, hogei falta gehiago adierazi dizkiote Baskoniari bi partidatan. Lehenengoaren bukaeran kexarik ez zen egon Gasteizko taldeko kideen ahotan, baina galdu ostean, bai, eta agintari nagusiak hartu zuen hitza. Kerejeta bizkorra da, eta bistan da epaileen eta komunikabideen arreta erakartzeko egindako adierazpenak direla. Zergatik ukatu, baita Buesa Arenara bertaratuko diren milaka zaleen presioa handiagoa izan dadin ere. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten, eta adierazpen horiekin, Kerejetak epaileek gutxienez irizpidea berdintzea lortu du, jokatzen hasi aurretik. Baskoniaren aldekoa bada ere, ez harritu, Madrilen etxeko taldearen aldekoa izan delako.
Nocioni ez, Mirotic bai
Bigarren partidako baliabide berberekin saiatu beharko du Baskoniak, Nocioni ez baita garaiz osatuko. Zuntz-haustura txikia da, eta Gasteiz aldean iaioak dira mirariak egiten, baina bizpahiru eguneko tartean ezin da gauza handirik egin. Litekeena da osteguneko partidarako prest egotea, baina gaur, azken orduan hobekuntza handia eman ezean, ez da kantxaratuko. Hutsune garrantzitsua da, Baskoniak errebote asko eta izaera handiko jokalaria galtzen dituelako. Nocioni ez dago fin, bistakoa da hori, baina bere lehiakortasunak taldekideak kutsatzen ditu. Lampek, Milko Bjelicak eta Teletovicek ere atseden txikiagoa edukiko dute.
Real Madrilek, aldiz, berri ona jaso du, Mirotic jokatzeko moduan baitago. Larunbateko atarikoan ere beroketa saioa egin zuen, baina ostera ez zuen jokatu. Orkatila bihurritu zuen gaur bi aste, eta Lasok berak onartu du, bueltatuta ere ez dela bete-betean egongo. Ikusteko dago hala den edo ez, eta hobe Lasok asmatzea, Mirotic jokalari aparta delako.
CAJA LABORAL-R. MADRIL
Txapelketa. ACB ligako finalerdietako hirugarrena. Kanporaketa bana dago berdinduta.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Ribas, Oleson, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Calbarro, Teletovic, Milko Bjelica eta Lampe.
Real Madril. Llull, Rodriguez, Carroll, Pocius, Singler, Suarez, Velickovic, Mirotic, Felipe Reyes, Tomic eta Begic.
Lekua. Buesa Arena (15.504 ikusle).
Ordua. 20:45 (Teledeporte).
Beste finalerdia. Bartzelona-Valentzia (bana daude berdinduta). Bihar jokatuko da hirugarren lehia, Valentzian (20:45).
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak
Nahi zuten tokian daude
Baskoniak Real Madrilek baino gertuago du finala, etxean erabakitzeko aukera izanen baitu; Nocioni ez da garaiz osatukoArabarrek 23 partida jokatu dituzte etxean, eta 19 irabazi, tartean talde indartsu guztiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu