Iradier Arenan baino giro goxoagoa sumatzen da Miribillan. Inoiz baino komunikabide gehiago etorri dira Bizkaia Arenara, jokalariak harritzeraino. Txantxetan ari dira mikrofonoen arreta erakartzen ez dutenak, mikrofonoen aurrean isiltzen ez diren taldekideekin trufaka. Josh Fisher da horietako bat (Washington DC, AEB, 31 urte). Distirarik ez daukan lan iluna egiten ohitua baina taldekideen estimu handia duena, eskatzen dioten edozer egiteko gai delako. Nabaritzen zaio ez duela elkarrizketa asko ematen. Lasai hitz egiten du, esaten duena pentsatuz, gaztelania txukunean.
Lasaitasuna sumatzen da zuen artean, urduritasun gutxi. Banic kapitainak emandako mezua barneratu al duzue? Istanbulen irabazita ere euforia neurtu behar zela?
Mezu zuzena da. Han irabazi genuelako daukagu orain daukagun aukera, baina Caja Laboral gainditzen ez badugu, Turkiakoak ez du ezertarako balio.
1-2 postuetan jokatzen duzu. Batzuetan joko antolatzaile, besteetan eskolta. Denek diote postu horien arteko borroka irabazten duenak irabaziko duela partida. Ados zaude?
Bai. Nor nagusitu erritmoa jarriko duelako, taldekideak elikatu, konfiantza hartu... Joko antolatzaileek ondo jokaten badute, taldeak ere bai. Taldean ni neu, Aaron Jackson eta Raul Lopez gaude, eta Prigioni eta Heurteli gaina hartzen saiatuko gara.
Parean Prigioni edukiko duzu. Zerk arduratzen zaitu?
Zerk ez? Europako joko antolatzaile onenetakoa da, denetarik egiten duelako, eta askotan, dena ondo. Oso arriskutsua da. Asistentziak eman ditzake, hirukoak lortu, eta defentsan ere iaioa da baloia kentzen. Minutu gutxian partida baten norabidea aldatzeko gai da, eta zorrotz zaindu beharko dugu.
Joko lasterraren ingurukoa da hurrengo baieztapena: zuek korrika egiteko aukera baduzue, zuena da garaipena.
Ondorio hori beti ez da betetzen, baina egia da korrika egiten dugunean min handia egiteko gaitasuna dugula, korritzen badugu defentsa onaren ondorioz delako, eta defentsa ona egiten baduzu, indarra hartzen duzu erasoan hobeto jokatzeko. Sistemarik gabe, joko estatikorik gabe, ondo moldatzen gara. Taldean denek buka dezakete kontraeraso bat, baita jokalari garaiek ere, eta bistan da joko hori egiten saiatuko garela.
Baskoniak zuek baino eskarmentu handiagoa dauka tamainako partidetan. Arduratu egiten al zaitu horrek?
Ez bereziki. Egia da haiek final asko jokatu dituztela, eta horrek tenplea ematen duela, baina beste partida bat da. Guk geuk ere presioarekin ondo jokatzen dugula erakutsi dugu, eta biek dugu presioa. Iritsi garen puntura iritsi garelako, asko egin dugu, eta gozatzeko unea da orain hain partida polita jokatzeko aukera dugulako. Gozatzen badugu, gertuago egongo da garaipena.
Prigioniri buruz galdetu dizut lehenago. Zer diozu Baskonia osoari buruz?
Sekulako taldea dutela. Jokalariak banan-banan aztertzen hasi, eta zer pentsatua ematen du. Teletovic ikusten duzu, eta apur bat kezkatzen zara, baina azterketarekin jarraitu, eta San Emeterio, Milko Bjelica, Pau Ribas, Oleson eta beste daude. Oso talde ona da.
Baskoniak nabarmen hobetu du bere jarduna azken bi asteetan, batez ere Bartzelona menderatu ostean. Ligako txapelduna menderatu izanak Baskonia arriskutsuago egiten al du?
Baliteke, baina nire eta gure ardura Gescrap Bizkaia da. Besteek zer egin, nola dauden erreparatu baino lehen, gureari begiratu behar diogu, eta lan ona egiten badugu, haiek garaitzeko gai garela sinetsi. Baskoniak Bartzelonari irabazi izana ez da garrantzitsua guretzat.
Bizkaiak irabazten hasten denean lortzen du garaipen gehien, eta indarrean hastea litzateke normalena.
Bai, baina baieztapen hori baliagarria da Baskoniarentzat ere. Egia da galtzen goazenean buelta ematea kosta egiten zaigula, sufritu egiten dugula. Hori saihesten saiatu behar dugu.
Roger Grimau zure taldekideak zu bezalakoa izan nahi zuela esan zuen aurreko batean: denetarik egiten duen jokalari bat, minutu asko edo gutxi jokatzen dituen kexatu gabe. Loreak zure jardunarentzat.
Polita da ni baino kirol ibilbide luzeagoa duen taldekide batek hori esatea nigatik. Ni talde gizona naiz, eta dagoeneko ez naiz protestan hasiko gutxi jokatzen dudalako. Taldeari laguntza ematea da nire zeregina; une oro behar duena egiten saiatu, kito.
Komunikabideen arreta ez izateak ez zaitu arduratzen, beraz.
Ez, batere ez. Entrenatzaile eta taldekideen konfiantza garrantzitsuagoa da niretzat. Laguntzeko nago ni, eta nire laguntza ez da neurtzen sartzen dudan puntu kopuruarekin. Garrantzitsuagoa izan liteke defentsa on bat, edo asistentzia bat. Gehiago betetzen nau parean daukadan jokalaria amorratzeak, nekarazteak, deseroso sentiarazteak, 20 puntu sartzeak baino.
Partida onak jokatzen dituzu normalean Baskoniaren aurka. Zergatik?
Ba, ez nekien hala zenik, baina ez dauka azalpen sinesgarririk. Beti saiatzen naiz ondo jokatzen.
Gescrap Top16tik kanpo geratzea kirol porrot handia al litzateke?
Ez dut uste. Jakina, tristatu egingo gara, sailkatzen ez bagara, baina lehen denboraldia dugu Euroligan. Lan handia egin dugu, eta lan ona. Top16an sartzeko aukera irabazi dugu, eta gure eskuetan dugu aukera, baina aurkaria ere hor dago. Baten eta bestearen historiari begiratu beste lanik ez dago zer exijitu behar zaigun pentsatzeko. Ezin dena egin da Top16an sartu ez garelako dena harrika bota. Galtzekotan ere, hausnartu egin behar da, jaiki, eta aurrean ditugun erronkei indartsuago ekin. Kopa jokatu nahi dugu.
Bi euskal taldek Top16a joka dezakezue. Behin zuek sailkatuta, gustatuko al litzaizuke Baskonia ere Europako 16 onenen artean egotea?
Gu sailkatzen bagara, nahiago dut gure ligako ahalik eta talde gehien egotea Top16an. Endesa liga indartzen du horrek.
Saskibaloia. Euroliga: Gescrap Bizkaia-Caja Laboral Baskonia. Josh Fisher. Gescrap Bizkaia taldeko jokalaria
«Nahiago dut aurkaria amorratu, nekatu, puntu asko sartu baino»
Funtsezkoa izan liteke haren lana, Bizkaiak Prigioni ito nahi duelako, Caja Laboral itotzeko. Jardun horretan dauka jarrita burua, batez ere. Zuhurtzia eskatzen du, «haien jokalari zerrenda aztertzen hasi eta talde puska baitute». Presioarekin ondo jokatzen dutela gogoratu du, eta lan handia egin dutela gaur duten aukera ederra edukitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu