Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau (ordezko atezaina), Gedeon (2), Humet, Victor (1), Crowley (6), Rasic (6, 4 p.), Agirrezabalaga (7), Sevaljevic (4, 2 p.), Borragan (4), Mindegia (4), Vargas, Meoki (1) eta Eloy (1).
Izvidac. Buric, Bumbak (ordezko atezaina), Milicevic (3), Zeljic (4), Herceg (5), Colak (1), Peric (1), Senjamin Buric (4), Malinovic (1), Matic (1), Boras (1), Grbavac, Ilic (7, 1 p.), Dzeba (1) eta Milas.
Markagailua. 3-1, 7-5, 8-8, 10-9, 14-13, 18-16 (atsedenaldian); 21-19, 25-20, 28-22, 31-24, 34-25 eta 36-29.
Epaileak. Sivak eta Dvorsky. Txartel gorria: Izvidaceko Burici (50. min.). Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Gedeon, Borragan, Victor eta Mindegia; eta Izvidaceko Peric (2), Malinovic (2), Boras eta Herceg.
Bestelakoak. 1.000 ikusle inguru NUPeko pabiloian.
Irabaztea, eta, ahal zela, gol alde polita lortzea zen helburua. Eta San Antoniok bi helburuak lortu zituen atzo Europako Errekopako final-zortzirenetako joaneko partidan, etxean. 36-29, zazpi goleko aldearekin irabazi zuten iruindarrek. Hori bai, partidaren hondarrean hamar goleko aldea ere izan zuten Juanto Apezetxearen jokalariek, eta pena horrekin amaitu zuten partida. Emaitza hotzean aztertuta, ordea, oso ona da, atzo nabarmen geratu zelako San Antonio Izvidac baino talde osoagoa dela.
Emaitza ikusita kontrakoa pentsa daitekeen arren, oso orekatua izan zen partida hasiera. Bi goleko aldea lortu zuten etxekoek (3-1 eta 7-5), baina atzean ahulegi ari ziren defendatzen, oldarkortasuna falta zitzaien, eta bosniarrek ederki baliatu zuten etxekoen intentsitate falta hori. 15. minutuko 8-9koa da horren erakusgarri. Apezetxeak hutsartea eskatu zuen, jokalariei defentsako lanean sendoagoa aritu zitezen eskatzeko. Baina Herceg eta Ilicen urruneko jaurtiketak gelditu ezinik jarraitzen zuen San Antoniok.
Bere txarrean, 18-16 amaitu zen lehen zatia, eta 5-1eko defentsa zorrotzarekin, oso indartsu ekin zioten iruindarrek bigarren zatiari. Meoki aritu zen defentsan jokalari aurreratu gisa, eta lan ona egin zuen. Defentsan baloia aise lapurtuta, Agirrezabalaga eta Crowley kontraerasoan asmatzen hasi ziren. Lehen zatiko ordu erdian egin ezin izan zutena egin zuten bigarren zatiko lehen hamabost minutuetan. Bosniarrak noraezean zebiltzan, eta markagailua oso gozoa zen etxekoentzat (28-21).
Hiru minuturen faltan, 36-26
Lucau San Antonioko ordezko atezainak geldiketa bikainak egin zituen, eta kontraeraso bizkorrekin, 57. minutuan 36-26 zegoen markagailua. Hiru minutu falta, eta hamar goleko aldea. Zoragarria zen aldea, baina orduantxe lasaitu ziren etxekoak. Itzuliko partidaren faltan, ordea, nahikoa beharko luke zazpi goleko aldeak.
San Antonio 36. Izvidac 29
Nahikoa beharko luke
Europako Errekopako final-laurdenetan sartzeko urrats handia egin du San Antoniok, Izvidaci aise irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu