Amaitu dira ospakizunak. Espainiako Kopako finala asteazkenean jokatu zen. Athleticek ezin izan zuen ezer egin Bartzelonaren aurka. Aurkaria askoz hobea izan zen. Bi taldeen artean dagoen aldea islatu zuen emaitzak: 1-4. Baina Kopako finalean egoteak asko eman dio talde zuri-gorriari. Azken sasoietan sufritzen ohitua zegoen zaleei gozatzeko aukera eman die. Nola gainera. Onean eta txarrean Athleticek zale paregabeak dituela berresteko balio izan du Kopak. Taldea ez da punta puntakoa egun, baina jarraitzaileak onenen artean daude.
Baina Kopa pasatu da eta aurrera begiratu behar da. Atzera begiratzeak ez du ezertarako balio. Berandu baino lehen erronka garrantzitsuak izango baititu talde zuri-gorriak. Abuztuan Espainiako Superkopako finala eta UEFA Kopako atarikoa jokatu beharko ditu. Beraz. Fernando Garcia Makuak eta gainerako zuzendaritzako kideek ez dute aspartzeko aukeraririk izango. Hiru lehiaketari aurre egiteko ezinbestekoa izango da taldea indartzea.
Etorkizunera begira
Presidenteak ez ezik, lehen taldeko jokalari eta entrenatzaileek ere badute zeregina. Agintariek Lezamatik kanpo jokatzen duten jokalari interesgarriak erakartzen ahalegindu beharko dira. Entrenatzaileek, berriz, beheko mailetan dauden jokalari onei aukerak emateko ardura izango dute. Eta lehen taldeko jokalariek 2009-2010eko denboraldiko Athleticen lekua dutela erakusteko egin beharko dute lan. Horretarako balioko diete, besteak beste, sasoia amaitu aurretik falta diren hiru neurketak. Izan ere, zuri-gorriek eginda dauzkate etxeko lanak. Mailari eutsi diote. Eta, puntu premiarik ez dagoenean lasaitzea izaten da normalena. Kosta egiten da norgehiagoka bati aurre egiteko ezinbestekoa den motibazioa izatea. Are eta gehiago ezer erakusteko premiarik ez duten futbolariak jokatuz gero. Bada, larri dabilen Espanyoli aurre egiteko, ohikoen aldeko apustua egingo du Joaquin Caparrosek. Baliteke aldaketa bat edo beste egitea, baina taldearen bizkarrezurra ohikoa izango da. Ocio eta Yeste dira deialdiko hutsune nagusiak. Erdiko atzelariak bizkarrean du min eta ezker hegalekoa gaixorik dago. Ezusteko handirik ezean, Xabi Etxeitak eta Markel Susaetak jokatuko duten euren partez. Zornotzako gazteak aurrea hartu dio Ustaritzi Caparrosen lehentasunen artean. Jokatu duen partida guztietan ondo bete du bere lana. Ez da ez dakiena egiten ahalegintzen. Susaeta, berriz, titularren artean sar daiteke. Ez du beti jokatzen, baina denboraldi guztian zehar ikusi da jokalari garrantzitsua dela entrenatzailearentzat.
Hala ere, ez litzateke txarto egongo Gurpegiri, Balentziagari edo eta Bovedari jokatzeko aukera ematea. Garrantzitsuak izan daitezke datorren sasoian. Beraz, ondo etorriko zaie konfiantza hartzea. Futbol gose ikaragarria dute, gainera. Beraz, jokalari batzuk Kopan egin zuten neurketa txarraren ostean arantza kentzeko eta aipatu besteek euren maila erakusteko gogoa dutelako, handik edo hemendik lehiatzeko gogoa atera beharko luke Athleticek. Caparrosek eskatu duen bezala joan den sasoiko sailkapena hobetzen lagundu luke.
Nahikoa izan da
Espainiako Kopako finala ahaztu behar du Athleticek, gaur Espanyolen zelaian jokatuko baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu