Nairo Quintanak irabazi du Dauphineko etapa nagusia

Hamasei kilometro falta zirela erasoa jo, eta bakarrik helmugaratu da kolonbiarra; lider Wigginsek segitzen du

jon eskudero
2012ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Txirrindularirik onenen moduan irabazi zuen Nairo Quintanak (Movistar) Dauphineko atzoko etapa, seigarrena. Lasterketa tropelean egin ondoren, helmugatik hamasei kilometro falta zirela, eraso bortitza jo zuen, non eta Joux-Plane mailaz kanpoko igoeran. Aurretik ihes eginda ziren guztiak harrapatu bakarrik ez, pasatu ere egin zituen, eta inor ez zen hari jarraitzeko gai izan. Mendatera bakarrik heldu zen, eta handik helmugara zeuden hamabi kilometroetan ez zuen denbora alferrik galdu. Erlojupeko antzeko bikaina eginda, merezita altxatu zituen bi besoak Morzinen.

Etapa nagusia izaki, ikuskizuna izan zen atzoko etapan. Lehenengo kilometroetatik piztu zen zalaparta tropelean, baina benetako ihesaldia hamabigarrenean osatu zen, artean Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi) zela. Nabarmentzekoa izaten ari da euskaldunaren lana. Tropelak abantaila apur bat hartzeko baimena eman zien hamabost lagun horiei, baina nahikoa izan zen atzean Sky lanean hastea aldea murrizteko. Azken igoeran jan zituzten guztiak, eta momentu horixe bera baliatu zuen Quintanak aurrera egin eta etapa irabazteko.

Sailkapen nagusiari begira ere izan zen zer gozatua. Cadel Evans (BMC) jarrera apartarekin aritu zen, erasoak joz, baina adi ibili zen BradleyWiggins (Sky), eta berak jarraitzen du lider. Itzulia gaur amaituko da, eta ingelesak irabaziko du, okerrik ezean.

Sagan garaile Suitzan

Peter Sagan (Liquigas) nagusitu zen atzo Suitzako Itzuliko aitzin-etapan, eta lider jarri zen. Lau segundoan hobetu zuen Fabian Cancellara (RadioShack) bigarren sailkatuaren denbora. Gaur etapa lasaia izango dute txirrindulariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.