Txirrindularitza

Nairo Quintanak irabazi du Itzulia, erlojupekoan erakustaldia emanda

Movistarreko kolonbiarrak inork espero ez zuen bezalako erlojupekoa egin du Beasainen, eta kolpe harrigarria eman du. Tony Martinek irabazi du erlojupekoa, eta Porte eta Henao igo dira podiumera, Quintanarekin batera.

unai zubeldia
2013ko apirilaren 6a
17:29
Entzun

A zer Itzuli amaiera. Denak Richie Porte eta Sergio Luis Henaori (Sky) begira zeuden arren, erlojupeko harrigarria egin du Nairo Quintanak (Movistar), eta kolonbiarrak berak irabazi du Euskal Herriko Itzulia. Tony Martinek (Omega) irabazi du 24 kilometroko erlojupekoa, eta Quintanak berak egin du bigarren denbora onena, 17 segundora. Tarteko erreferentzian bertan Quintana izan zen onena faboritoen artean, eta helmugan berretsi egin zuen ordura arteko lan ona. Beste aldea, uste baino makalago ibili da Alberto Contador (Saxo) eta podiumetik kanpo geratu da. Beasaingo helmugan 15 segundo atera dizkio Quintanak Beñat Intxaustiri (Movistar), eta bizkaitarrak zortzigarren postuan amaitu du, azkenean, Itzulia, Quintanarengandik 1.57ra. Faboritoen artean, Quintanak 23 segundo atera dizkio etapan Porteri, 31 Simon Spilak-i (Katuxa), 40 Henaori, eta 50 Contadorri. Espero ez ziren alde ikaragarriak. 24 kilometroko erlojupekoak utzi du Sky podiumeko koska altuenetik kanpo, baina, gutxien-gutxienik, bigarren eta hirugarren amaitu zuten biek astea, Quintanaren atzetik. Movistarrekoak 23 segundo atera dizkio Porteri, 34 Henaori, 35 Spilak-i, eta 54 Contadorri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.