"Erasokorra, hutsak egin arren ezkutatzen ez dena, baliabide askokoa, garaitzen zaila, eta batez ere irabazlea". Natalia Arroyok halakoxea izatea nahi du Reala datorren denboraldian. Txuri-urdinen entrenatzaileak agerraldia egin du, eta bertan xehatu ditu bere asmoak. "Ez zaizkit gustatzen zalantza egiten duten taldeak, baizik eta ausartak, eta baloia dutenean zer eta noiz egin behar duten argi dutenak. Defentsan, berriz, oldarkorrak eta serioak izatea nahi izaten dut". Halako joko bat egiteko oinarriak dituela uste du. "Talde gaztea da, etorkizun handikoa, eta hazteko eta hobetzeko aukera handia duena. Jokalari gehienak adin egokienean daude bai orain eta bai luze gabe beren onena emateko, eta hori ere inportantea izango da".
Taldeko gehienek jarraitu egingo dutela uste du. "Bakoitzarekin hitz egin nahi dut, zer eman dezaketen, zer eskatu nahi diedan, eta zer eman diezaiekedan azaltzeko, eta orduan hasiko gara erabakiak hartzen. Baina, beste taldeetan aldaketa asko izaten ari diren honetan, uste dut hemen ez dela halakorik izango. Aldaketa txiki batzuekin hazten segitzea da helburua, sailkapenaren goialdean beste urrats bat egiteko".
Nahikariren inguruan ere argi mintzatu da. Aurrelariak joateko asmoa duela zabaldu da azken egunetan, eta Real Madrilen eskaintza duela. "Harekin hitz egiteko aukera izan dut, eta esan diot bertan segitzea nahi dugula. Berak hazten segitu nahi du, eta klubak eskaintzen diona hor dago. Maila handiko jokalaria da, eta normala da eskaintzak izatea. Baina hemen jarraitu nahi badu, jarraituko du".
Liga etengabeko hazkundean ikusten du: "Lehiakortasuna gero eta handiagoa da. Emakumeen futbolak bere nortasuna eta ahotsa lortu ditu; gaztetxoek gero eta erreferente gehiago dituzte, eta horretan segitu behar dugu. Haziz, baina aldi berean emakumeen futbolak dituen ezaugarriei eutsiz, batez ere zaleenganako gertutasuna".
Kazetaria da prestakuntzaz Arroyo. Besteak beste, Ara egunkarian eta Gol telebista katean aritu da lanean, futbolaren inguruko aditu moduan. "Horrek entrenatzaile izateko prestatzen lagundu dit, eta futbola hobeto ulertzen". Bide horretan, nahiko luke emakume gehiago izatea entrenatzaile Lehen Mailan. "Nahiz eta garrantzitsuena ondo prestatua egotea den, eta jokalariei transmititzen jakitea. Garbi izatea multzo bakoitzean nortasun desberdinetako jokalariak daudela, eta gaitasuna izan behar dela haiei entzuteko, eta entzunak direla senti dezaten".