Faboritoak lasai ederrean azken zatiraino, eta ihesaldian saltsa handia. Ihesaldietarako aproposa zen Giroko 11. etapa, eta ustea baieztatu egin da. Ederki kostata sortu da ihesaldia, 90. kilometroaren jiran, Sella Ciampigotto bigarren mailako mendatean gora. Hogei txirrindulari joan dira ihesean, eta tartean zen Egoi Martinez (Euskaltel). Astana, Lotto eta Lampre bakarrik geratu dira ihesaldian inor gabe, eta berehala geratu da argi aurrekoen artean izango zela lehia. Tropelean Astana aritu da lanean egun guztian, eta sei minuturen bueltan eutsi dio, une oro, aldeari. Gretschek (Argos) jo du lehen eraso serioa aurrean, baina kontraerasoan iritsi dira Navardauskas (Garmin) eta Oss (BMC). Sei kilometro falta zirela jo du erasoa Navardauskasek, Vajonten gora, eta aise egin ditu azken kilometroak, Bingen Fernandez kirol zuzendaria autotik animoak ematen ari zela.
Faboritoen artean azken lau kilometroetan sartuta izan da zalaparta. Eraso festa izan da tarte horretan, eta Beñat Intxaustik (Movistar) jaso du saririk onena, faborito gehienekiko hogei segundoko aldea lortuta. Vincenzo Nibalik (Astana) jarraitzen du lider, eta bederatzigarren posturaino jauzi egin du Intxaustik. Nibalirengandik 4.05 minutura dago orain. Longarone eta Treviso artean, 12. etapa jokatuko da bihar, 134 kilometrokoa, esprinterako aproposa.