Bero sapak asko gogortu du berez gogorra den maratoia Rio de Janeiron, eta lasterketatik erretiratu behar izan du Estela Navaskues tuterarrak. Haren erbi lanetan aritu izan da Asier Cuevas korrikalari eibartarra, eta, lasterketa baino lehen, zioen "korrikalari gogorra" dela Navaskues, "buruz oso indartsua". 6. uztaia saioan izango da gaurkoan Cuevas, maratoia aztertzeko.
Usain Bolt, Katie Ledecky, Simone Biles... izarrez betetako jokoak izaten ari dira Rio de Janeirokoak. Hala ere, ez daude diren guztiak. Lesioek, erabaki pertsonalek edo zigorrek jokoetatik kanpo utzi dituzte puntako hainbat kirolari. Ez daudenen errepasoa egingo dute 6. uztaia-n.
Gainera, ohiko atalak izango dira ikusgai; hedabideen begiratua, Imanol Magro Eizmendi eta Enekoitz Telleriaren bideokronika eta Danel Agirreren bidaia Brasilera bidean.