Nazio bat, bi selekzio

Alemania Federalak eta Alemania Demokratikoak behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka. 1974ko Munduko Kopan izan zen, Mendebaldeko Alemanian. Bietan apalenak irabazi zuen: Ekialdeak.

mikel rodriguez
2010eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Nazio bat, selekzio bat! Horixe dio euskal selekzioaren aldeko leloak. Onarpenik ez duten herriek edo estatu handiagoen barruan zatituta daudenek nazioartean lehiatzeko kirol selekzio propioak aldarrikatu ohi dituzte. Alemaniari, ordea, kasu paradoxikoa gertatu zitzaion 1974ko Munduko Kopan, nazio bakarrak bi selekzio eduki zituela: Alemania Federala edo Mendebaldekoa, eta Alemania Demokratikoa edo Ekialdekoa. Gerra Hotzaren testuinguruan, bi estatu subiranotan zatitutako Alemaniaren ordezkariak ziren bi selekzioak. Bi sistema antagoniko ordezkatzen zituzten, kapitalismoa Mendebaldeak eta komunismoa Ekialdeak, eta lehia hori futbol zelaira eraman zuten. Munduko Kopa hura Alemania Federalean jokatu zen, gainera, baina partida hura atzerriko taldeak irabazi zuen, 0-1.

Sailkapen ligaxkako multzo berean egokitu ziren bi Alemaniak, Txilerekin eta Australiarekin batera. Mendebaldeak lehenbiziko bi partidetan Txileri eta Australiari irabazi, eta hurrengo fasera pasatzea ziurtatu zuen. Ekialdeak, berriz, Australiari irabazi zion, eta Txilerekin berdindu egin zuen. Hirugarren partidan bi selekzioek elkarren aurka jokatu behar zuten, Hanburgon. Multzoko lidergoa zuten jokoan, hain zuzen.

Faborito argia Mendebaldea zen. Sepp Maierrek, Franz Beckenbauerrek, Gerd Muellerrek eta Berti Vogtsek jokatzen zuten bertan, bertzeak bertze. Eurokopako txapeldunak ziren, eta azken Munduko Kopan hirugarren izan ziren. Ekialdea, berriz, lehenbiziko aldiz sailkatu zen Munduko Koparako. Partida hasieratik defentsa lan txukuna egin zuten Alemania Demokratikoko jokalariek, Federaleko izarren eraso jokoa trabatuz, eta 77. minutuan eman zuten ustekabea. Juergen Sparwasser erdilariak gola sartu zuen, eta ikusle gehienak aho zabalik utzi. Alemania Demokratikoko ordezkariak, berriz, pozez zoratzen ziren. Ez zen partida soil bat. Bi sistemen arteko propaganda gerran, komunismoaren garaipen bat zen.

Alemania Federalari nahita galdu izana leporatu zioten zenbait hedabidek. Izan ere, multzoko bigarren postuan bukatu, eta Brasil, Herbehereak eta Argentina saihestu zituen hurrengo fasean. Alemania Demokratikoak ezin izan zuen kontrario handi horien aurka gauza handirik egin, eta kanporatu egin zuten. Alemania Federalak, berriz, torneoa irabazi zuen azkenean. Hala ere, jokalariek ukatu egin zuten nahita galdu zutela. «Ez da egia Brasil saihestearren galdu genuela», erran zuen Vogtsek 2005eko elkarrizketa batean. «Helmut Schoen, gure hautatzailea, Ekialdeko Alemanian jaio zen eta tristeziaz bizi zuen bere lurraldean gertatzen ari zena. Beragatik irabaz genezan eskatu zigun, hagitz garrantzitsua zelako hori beretzat. Galdu ondoren, aldagelan ez zuen solas bakar bat erran ere».

Partida hartako protagonista nagusiari, Sparwasserri, bizitza aldatu zion gol hark. «Nire hilarrian Hanburgo 1974 paratuko balute, denek jakinen lukete azpian zein dagoen», adierazi zuen urte batzuk geroago. Bayern Munichek 350.000 marko eskaini zizkion —210.000 euro inguru—, Maierrekin, Beckenbauerrekin eta Muellerrekin jokatzeko. Altzairuzko Oihala gurutzatu beharra zeukan, ordea. Eskaintza errefusatu zuen, «langile familiako semea» zelako. Hala ere, ez zuen gustura bukatu Alemania Demokratikoan. «Etxea, autoa eta dirua eman zidaten zurrumurruak hedatu zituzten, baina ez zen egia». Erretiroa hartu ondotik, 1988an ihes egin zuen Mendebaldera.

Alemania Federalak Munduko Kopa irabazi zuenez, partida haren eragina neurri handi batean murriztu zuen, baina indar sinbolikoak gaur arte iraun du. Alemania Demokratikoak atleta, igerilari eta haltera hobeak zituen, baina futbolean deus gutxi zen, bizilagunarekin alderatuz gero. Txikiak handiari irabazi zion. Hura izan zen elkarren aurka lehiatu ziren aldi bakarra, eta bi aldeetako jokalariek hurrengo aldiz 1990eko Munduko Kopan ikusi zuten elkar, Alemania bateratuko selekzioan. 2010ean, Hegoafrikako Munduko Kopan, Korea da bi selekzio dituen nazio bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.