«Espainiako Vuelta Euskal Herriko errepideetan ez da ongi etorria izango». Unai Etxebarria txirrindulari ohiaren hitzak dira, atzo esandakoak, beste hainbat euskal eragilerekin adostutako hausnarketaren ondoren egindakoak. Izan ere, eragileek honako hau salatu dute: «Gure nazioa izatea ukatzen digutenek, ezeztapen hori berresteko helburuarekin dakarte txirrindularitza proba garrantzitsu hau gure herrira». Eta egoera horri aurre egiteko, nazio izaera aldarrikatzeko deia egiteko beharra ikusi dute.
Uda honetan egindako gogoetatik ateratako ekarpen nagusia, berriz, «herri legez ukatzen gaituztenen aurrean herri gisa» jokatzea dela gaineratu zuen Etxebarriak. Horregatik, euskal gizartean gero eta nabarmenagoa den txirrindularitza probaren aurkako iritzi horrekin bat egiteko deia egin die gainerako kirol talde eta eragileei.
Hausnarketarekin bat egindakoen ustez, Euskal Herria 21.000 kilometro koadro eta 3.000.000 biztanle inguru dituen zazpi herrialdetako nazioa da. «Ez hori bakarrik, geure buruaren jabe izan eta atzerrian gure herria ordezkatzeko borondatea duen lurraldea gara». Erantsi zuen, hala ere, Espainiako eta Frantziako estatuek «behin eta berriz etorkizuna erabaki ahal izateko eskubidea urratzen» dutela.
Eragileen ustez,Vueltak Euskal Herria zeharkatzeak «Espainiako alderdiek erakutsi nahi dituzten hainbat helburu ditu». Alde batetik, hamazazpi urte ondoren, «normaltasun politikoaren garaia» dela agerrarazi nahi dute. Izan ere, «EAJrekin ez bezala, PSErekin gauzak aldatuz» doazela plazaratu nahi dute. Bestetik, euskaldunek txirrindularitza probarekin bat egiten dutela irudikatzeko xedea dute, «nahiz eta jendartean Vueltaren aurkako jarrera gero eta zabalagoa izan».
Hirugarrenik, Hego Euskal Herria Espainiaren zati dela aldarrikatzeko erabili nahi dutela adierazi zuen Etxebarriak. «Euskal Herria ez dela existitzen irudikatu nahi dute.» Horretarako, «hainbatetan egin duten antzera, ageriko ikur eta aldarrikapenak desitxuratuz bere etorkizunaren jabe izateko determinazioa» duen nazio bat ezkutatu» nahi dutela adierazi zuten ekitaldia deitu zutenek. Horrez gain, diru arazoak direla tarteko, hainbat lasterketa «bertan behera utzi dituzte», baina Vueltarekin «milaka euro xahutzeko inolako arazorik» ez dutela nabarmendu zuten.
Nazio izaera aldarrikatzeko deia
Eragileen ustetan, «euskal nazioa ukatzen dutenek hori berresteko helburuarekin dakarte Vuelta Euskal Herrira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu