Badirudi NBAko denboraldia hasiko dela azkenean, kluben enpresak eta jokalarien sindikatuak AEBetako liga abenduaren 25ean hasteko aurreakordioa lortu dutelako bart. Bost hilabete daramatzate hitz egiten, batez ere jokalariek orotara jasoko beharreko diru kopuruaz. Aurreakordioaren arabera, jokalariek kluben diru sarreren %50 jasoko dute.
David Stern NBAko burua eta Billy Hunter jokalarien sindikatuko zuzendaria eta Derek Fisher presidentea hamasei orduz izan dira bilduta, New Yorken. Parte bakoitzak berretsi egin beharko du orain hitzartutakoa.
Azaroaren hasieran ekin ohi diote NBAri, baina desadostasunak medio ezin izan dute aurten. Liga erregularreko 82 jardunaldien partez, 66 jokatuko lituzkete denboraldi honetan. Lehen partida: New York Knicks-Boston Celtics.
Entrenamenduak, berriz, abenduaren 9an hasiko lituzkete. Ondorioz, NBAn orain arte izandako arazoagatik Caja Laboral Baskonian ari diren bi jokalariek segituan itzuli beharko dute AEBetara: Kevin Seraphinek Washington Wizards taldera eta Goran Dragicek Houston Rocketsera.