NBAko greba aste honetan bertan buka daitekeela diote jabeek eta sindikatuak

Kontratazio alorrean aurrerapausoak eman dituzte, eta horrek sarrera banaketen afera bidera dezake

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Beltzetik zurira pasatu da NBAko lock-out-a. Astelehen goizaldean muturtuta irten ziren negoziaketa mahaitik bi aldeak, eta iragarpenak txarrak ez, oso txarrak ziren. Azaroko partida guztiak bertan behera uzteko gertu zegoen NBA, eta gabonetan jokatu beharreko demak ere arriskupean zeuden. Ez zen hurbilketarik egon taldeetako jabeen eta jokalarien sindikatuko kideen artean; batek besteari botatzen zion errua.

Bat-batean, ezkortasuna baikortasun bilakatu da, baina ezin jakin zehatz-mehatz zergatik. 15 orduko bilera luzean orain arte adostu gabekoak adostu omen dituzte, eta akordioa «hiruzpalau eguneko kontua» izan liteke, David Stern komisionatuaren ahotan. CBS telebistako iturrien arabera, kontratazio alorrean emandako aurrerapausoek hautsi dute blokeo egoera. Sarreren banaketan desadostasuna konpontzea zaila dela jakitun, bi aldeek kontratazio baldintzak negoziatzeari ekin zioten, eta alor horretan lortutako akordioek sarrera banaketen aferan sindikatuaren amore ematea ekarriko omen luke.

Adostasunerako baldintzak

Kontratazio alorreko adostasunen artean daude honakoak: kontratuak guztiz bermatzea, soldata mugan eta kontratuen iraupenean murrizketarik ez jartzea, eta hainbat salbuespen baldintza ontzat ematea. Akordioak berehalako ondorioa izango luke: sarreren banaketan %50eko banaketari baiezkoa, sindikatuaren aldetik. Hori gertatuko balitz, greba egun batetik bestera geratuko litzateke bertan behera.

Bi aldeak bart goizaldean ziren berriro biltzekoak. Stern komisionatuaren baikortasuna, dena den, seinale ona da. NBAk hilabete osoa galdu du dagoeneko, baina Sternek berak 82 partidako liga erregularra dauka buruan. Hau da, grebarik egon izan ez balitz bezala hastea martxan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.