NBAko kanporaketak, erabakita

Dallas Mavericks da faborito nagusia, historiako seigarren marka berdinduta iritsi baita kanporaketetara

Erredakzioa
2007ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Dallas Mavericks eta gainerako guztiak. NBAren historiako seigarren markarik onena berdinduta (67 garaipen eta 15 porrot) iritsi da Dallas titulurako kanporaketetara, eta Dirk Nowitzkiren gidaritzapean, eurak dira bihartik aurrera hasiko diren NBAko titulurako kanporaketetan eraztuna irabazteko faborito argiak. Oker handirik ezean, lehen kanporaketa aise pasa beharko luke Dallasek, Golden State Warriorsek azken partidan lortu baitu kanporaketetarako sailkapena -Clippers geratu da kanpoan-. Golden State hamabi urtez titulurako kanporaketetatik at egon ostean iritsi da lehiaketako unerik erabakigarrienera, eta disfrutatu beste helbururik ez daukate.

Baina behin kanporaketa hori pasata, Utah Jazz eta Houston Rockets-en arteko kanporaketako garailea izango dute aurrean. Liga erregularreko azken partidan elkarren aurka jokatu zuten bi taldeek, eta Utah Jazzek irabazi zuen, 101-91. Utah-k 51-31 balantzearekin amaitu du liga, eta Houstonek, berriz, 52-30eko balantzearekin.

Mendebaldeko konferentziako beste adarreko kanporaketak ikusgarriak izango dira oso. Phoenix Sunsek azken hamar partidetatik zazpi irabazi ditu, eta Dallasen atzetik bigarren markarik onena egin du (61-21). Aurrean, ordea, Kobe Bryanten Los Angeles Lakers izango dute. 42 garaipen besterik ez ditu lortu Lakersek, baina, Bryanten lanarekin, kanporaketetan gora egin ohi dute; Bryant izan da, bigarren urtez jarraian, ligako saskiratzaile nagusia, partidako, batez beste, 31,6 punturekin. San Antonio Spursen eta Denver Nuggetsen arteko kanporaketan Spurs da faborito, baina Denver azken hamar partidetatik bederatzi irabazita iritsi da kanporaketetara.



PISTONS ETA CAVALIERS, FABORITOAK. Ekialdeko konferentzian kanporaketak mendebaldekoan baino argiago daudela dirudi. Cleveland Cavaliersek ez luke arazo handirik izan beharko Washington Wizards kanporatzeko. Bigarren balantzerik onena dauka LeBron Jamesen Cavaliersek, eta Washingtoneko bi izarrak -Gilbert Arenas eta Caron Butler- min hartuta daude. Bi jokalari horien hutsunea nabarmena izan da, azken hamar partidetatik zortzi galdu egin baitituzte. Chicago Bulls-ek azken unean galdu du bigarren postua, eta bosgarreneraino jaitsi da. Miami Heat iazko garaileen aurkako kanporaketa, beraz, oso gogorra izango da. Zer esanik ez Toronto Raptors eta New Yersey Netsen artekoa. Atlantikoko dibisioan lehia estua izan dute titulua lortzeko. Laugarren kanporaketa Detroit Pistonsen eta Orlando Magicen artekoa izango da. Kanporaketa estuak, hamasei talde eta eraztun bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.