NBAko New York Knicks taldearen eskaintza jaso du Prigionik, urtebeterako

Taldeko manager eta entrenatzailearekin bildu da New Yorken; 1,5 milioi euro inguru jasoko lituzke urteko

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Argentinako Olé kirol kazetako web orriak piztu zuen interesa, eta New York Post kazetak eman ofizialtasuna. Pablo Prigioni joko antolatzaileak bi egun eman zituen New Yorken hiri horretako New York Knicks taldeko manager nagusiarekin eta entrenatzailearekin batzartzeko. Arrazoia? Talde horren eskaintza aurrez aurre jasotzea. Prigioni oporretan zegoen, Alacanten, eta bertatik hartu zuen hegaldia New Yorkera. Han, taldeko manager nagusiarenkin elkartu zen aurrena, Glenn Grunwaldekin, eta, ondoren, Mike Woodson entrenatzailearekin afaldu zuen.

Eskaintza egin dioten edo ez ezin da jakin oraingoz, agente libreen merkatua uztailaren 1ean irekiko delako. New York Post kazetak ere indarra eman zion Olé-k argitaratutako berriari, eta eskaintzaren xehetasun batzuk argitara eman. Prigioniren moduko jokalari debutari bati 1,5 milioi inguruko soldata dagokio urtean, NBAn indarrean dagoen hiztarmenaren arabera. Prigionik 35 urte ditu dagoeneko, eta haren lehen asmoa Gasteizen geratzea bazen ere, orain oso litekeena da jauzia egin eta NBAn saiatzea. Gasteizko soldata bikoiztuko lioketelako, ia-ia, eta erretiroa hartzeko urte pare bat falta zaizkiolako.

Hiru urte atzera ere New York Knicks saiatu omen zen Prigioni fitxatzen, baina orduan Real Madril agertu zen, eskaintza ekonomiko apartarekin: urtean 1,8 milioi euro. Houston Rockets ere saiatu zen Prigioni fitxatzen, talde hartan Luis Scola herrikideak jokatzen duela baliatuta. Gauzak ondo, Prigionik Baskonia uzteko erabakia hartuko du. Beste buruhauste bat Kerejetarentzat, eta espero ez zuena, gainera.

Aaron Jackson, CSKAra

Aaron Jacksonen etorkizuna ere argitu da. Bili-bolo zebilen saskibaloi atarikoetan haren eta Moskuko CSKAren arteko adostasuna, eta atzo baieztatu zen hiru urterako kontratua sinatu duela errusiarrekin. Jacksonen sinadura Ettore Messinaren baiezkoaren ostean etorri da. Hark ere hiru urterako kontratua sinatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.