David Stern NBAko arduradunak ofizialki jakinarazi du AEBetako liga profesionaleko denboraldiko lehen bi asteak behintzat ez dituztela jokatuko, klubak eta jokalarien sindikatua ez direlako itun kolektibo berriaz akordiora iritsi.
Bi parteak bart bildu dira berriro, New Yorkeko hotel batean zazpi orduz, baina lehengo domekan bezala, ez dira ados jarri.
"Giltzarri diren gai guztietan oso aparte daude biak", esan du Sternek. "Itsaso oso bat dago tartean".
30 talde daude NBAn, eta 450 jokalari, eta bi parteen akordioa ekainean bukatu zen. Orduko itunaren arabera, talde bakoitzaren aurrekontuko %57 bideratzen zen jokalarien poltsikoetara. Soldaten portzentajeak %46ra jaitsi beharra dutela zioten klubek, negozioa bideragarri egin nahi bada. Jokalariek ezezko biribila eman zuten.
Azken asteetan jarrera malguagoa izan dute jokalariek, %53raino jaisteko prestasuna erakutsi baitute. Ugazabak puntu bakarrean mugitu dira negoziazioan: %46tik 47ra.
NBAko 30 taldeetatik 22 dira zorrak pilatzen dituztenak. Irabaziak dituzten zortzien mozkinak ez ditu aipatzen. Sosak galtzen dituztenenak ere ez, baina 300 bat milioi dolar izan daitezkeela diote iturriek.