Neguko lehen berotua

Orioko Traineru Jaitsiera jokatuko dute gaur 78 ontzik eta 1.200 arraunlarik. Denboraldi-aurreko probarik ezagunena da, eta, entrenatzaileek esan dutenez, lana lehenetsiko dute emaitzen aurretik.

Orio, duela bi urteko Traineru Jaitsieran. Iaz, bertan behera geratu zen, eguraldiagatik. BERRIA.
Aitor Manterola Garate.
2017ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Arraunlaria hilabete askoan aritzen da entrenatzen, gorputza eta burua udako lan gogorretarako prestatzen. Baina dena ez da entrenamendua izaten, eta traineruak gero eta gehiago ateratzen dituzte uretara, lehiatzera. Traineru jaitsiera ugari jokatzen dituzte, eta ezagunena gaur izango da: Oriokoa. 78 ontzi ariko dira, eta 1.200 arraunlari arraunean. 23. aldia da aurtengoa. Erlojuaren aurka lehiatuko dira taldeak, bakoitza bere mailakoekin, eta aurreneko trainerua 16:00etan aterako da; azkenekoa,17:11n.

Neguko estropaden artean, ezagunena izanik, talde eta arraunlarien artean sortzen da gogoa ondo lehiatzeko gaurko egunez. BERRIAk parte hartzaile batzuen iritzia bildu du. Gizonezkoen seniorren mailatik, Jon Salsamendi (Orio), Mikel Orbañanos (Hondarribia) eta Joseba Fernandez (Urdaibai) entrenatzaileak aritu dira beren iritzia ematen, eta emakumezko seniorren artean, Maialen Arrazola entrenatzailea (San Juan), eta Leire Arriola (Orio) eta Eli Pescador (Hibaika) arraunlariak.

Seiei galdetu zaie garai honetan nola dabiltzan, taldearen maila ona izaten ari den, eta denen erantzuna bera izan da: ondo ari dira lanean. Salsamendi etxean ariko da gaur, eta pozik da taldearekin: «Oso gustura ari gara, pausoak ematen udara begira». Ez dio aparteko garrantzirik eman nahi gaurko emaitzari: «Neguko lana nolakoa izaten den udan azaltzen da, eta ez orain». Bere arraunlarien lanari erreparatuko dio osotasunean, emaitzari baino gehiago: «Gerta daiteke sailkapeneko lekua ez izatea punta-puntakoa, baina bai taldearen lana, eta, hala gertatzen bada, oso gustura egongo naiz». Zaleak irrikaz egongo dira egitasmo berri honen lehen pausoak nolakoak diren ikusteko, eta entrenatzaileak honako hau esan die: «Ahal duguna egingo dugu». Bi talde aterako ditu Oriok, eta, Salsamendik esandakoaren arabera, nahastu egingo ditu arraunlariak gaurko estropadan.

Orbañanosek hiru helburu jarriko dizkie bere arraunlariei, Hondarribia taldekoei: «Ikasten eta lantzen ari garena ondo egitea, behar den bezala lehiatzea eta ahalik eta lanik txukunena egitea». Garai honetan irabazteari ez dio aparteko garrantzirik ematen: «Balio du taldea egiten ari den lanari indarra emateko».

Fernandezek ondorengo iritzi hau dauka orain irabazteaz: «Batzuetan, oraingo erreferentziak udan errepikatu egiten dira, eta, jakinik oraindik ere oso goiz gaudela, ona izaten da norbere burua goian ikustea». Urdaibaik irabazi zuen aurreko igandean Sestaon jokatu zuten jaitsiera, eta orduko lan bera jarriko die arraunlariei: «Estropada ona egiteko eskatuko diet, eta horrekin gai bagara irabazteko, Sestaon bezala, ondo».

Emakumezkoetan, 17 talde

Inoizko parte hartze handiena izango da emakumezkoen estropadan, eta hamazazpi talde ariko dira. Arrazola «gustura» dago San Juan egiten ari den lanarekin, eta hau eskatuko die gaur uretan izango dituen bi taldeei: «Ondo lehiatzea nahi dut».

Pescador eta haren taldekideentzat denboraldiko lehen estropada izango da, eta asmo bakarrarekin doaz Hibaikakoak: «Ikusi nahi dugu non gauden, eta saiatuko gara ahalik eta ondoen lehiatzen». Arriola etxean ariko da, Oriorekin. Sestaon irabazle izan ziren iragan igandean, eta badaki «erritmoetatik ateratzeko arriskua» izango dutela gaur etxean: «Hala ere, guk gurera joan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.