«Gizatiarragoa eta orekatua». Aurkezpen txartel deigarriren bat behar izaten dute ekitaldi guztiek, eta 2012ko Italiako Giroak ere badauka berea. Aditu guztien arabera, «gizatiarragoa» dator datorren urteko hiru asteko lehen itzulia, aurreko urteetakoa astakeria handi samarra izan den seinale. Eta «orekatua» ere ba omen da, esprinterrek eta etapa ehiztariek aukera gehixeago izango duten seinale. Baina aurkezpen txartel horren atzean, azken aste beldurgarria ere badauka 2012ko Giroak.
Datu bakarra nahikoa da horretaz jabetzeko: azken zortzi etapetatik zazpi dira erabakigarriak. Horietatik bost amaituko dira mendatean; gainean amaituko ez bada ere, muturreko gogortasuna dauka 17.ak, hamazazpi kilometro eskas daudelako Passo Giau erraldoitik Cortina d'Ampezzoko helmugara. Eta 31,5 kilometroko erlojupekoarekin amaituko da Giroa, maiatzaren 27an, Milanen. Laburbilduta, «gizatiarrago eta orekatu» izenburu horretaz haratago, ikusgarria eta egurrerako aproposa dator datorren denboraldiko Giroa ere.
Itzuli handiek azken urteetan hartutako bideari eutsi, eta atzerrian hasiko da gehienen ustez denboraldiko hiru asteko itzulirik erakargarriena dena, Danimarkan. Maiatzaren 5ean abiatuko da lasterketa, Herning herritik, eta han hasi eta amaituko dira lehen bi etapak. 8,7 kilometroko erlojupekoa izango da lehenengoa, eta 206 kilometroko etapa lau-laua bigarrena. Italiara joan aurretik, esprinterrentzat aproposa izango da hirugarren etapa ere, Danimarkako azkena —Horsens herrian hasi eta bukatuko da—.
Taldekako erlojupekoa
Nekatzen hasterako izango dute lehen atseden eguna, Danimarkatik Italiara arteko bidea egiteko. Eta horixe izango da datorren urteko Giroaren ezaugarrietako bat, azken hemezortzi etapen erdian atseden egun bakarra izango dutela. Gogortasuna amaieran pilatu dutela kontuan hartuta, erabakigarria izan daiteke ezaugarri hori. Lehen erlojupeko motzaren eta esprinterrentzat aproposak diren bi etapen ondoren, taldekako erlojupekoaren txanda iritsiko da. Veronan hasi eta amaituko da laugarren etapa hori, eta 32,2 kilometro izango ditu.
Igotzaileek nahi baino atzerapen handiagoa pilatuko dute lehen lau etapa horietan, eta Giroko hirugarren esprintaren ondoren, seigarren etapatik aurrera iritsiko da euren aukera. Hori bai, beroketa lanerako aproposak dira Rocca di Cambion eta Lago Lacenon amaituko diren etapak, baina faboritoen artean ez lukete min handirik eragin beharko. Bigarren astean sartuta, Assisiko 4,6 kilometroko igoera motz baina tentea min egiteko modukoa da.
Baina benetan min, 14. eta 15. etapek egingo dute. Joux eta Cervinia dauzka gordeta 14. etapak, eta Valcava, Forcella di Bura, Culmie di San Pietro eta Lecco Pian dei Resinelli 15.ak. Zortzi kilometro dauzka azken igoera horrek, baina oso gogorra da.
Giroaren bi herenak igarota, gorputzean dezenteko egurrarekin iritsiko dira txirrindulariak Dolomitetara, baina hantxe pilatuko da gogortasunik handiena. Hitz batean, ikusgarriak dira 17., 19. eta 20. etapak. Valparola, Duran eta Passo Giau daude lehenengoan; Manghen, Pampeago Reiterjoch, Lavaze eta Pampeago Val di Fiemme bigarrenean; eta Passo Tonale, Aprica eta Teglio hirugarrenean. Perfilei begiratu besterik ez dago beldurtzeko. Milango erlojupekoa amaituta, inor gutxik esango du 2012ko Giroa «gizatiarragoa» izan denik, beste behin ere gogor-gogorra delako.
Giroaren ondoren, Frantziako Tourraren txanda izango da gaur, eguerdian aurkeztuko dutelako 2012ko ibilbidea.
Nekatu ondoren, egurra
Aurreko urteetakoa baino samurragoa izango da 2012ko Giroa, baina gogortasun handia pilatu dute amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu