Oliveirak dena egin du ondo. Lehenik, eguneko ihesaldian sartu da beste 23 txirrindularirekin batera. Gero, bizi-bizi jokatu du, helmugarako 28 kilometro falta zirela erasoa jota. Eta azkenik, indarrak izan ditu urrutitik egindako eraso hori balekoa izan dadin. ia minutuko aldearekin helmugaratu da azkenean. Julien Simon frantziarra (Cofidis) eta Nicolas Roche irlandarra (Sky) sailkatu dira haren atzetik.
Espainiako Vuelta Euskal Herrira iritsiko da bihar, Gasteizetik abiatuko baita hamalaugarren etapa. 50 bat kilometro egingo ditu lasterketak Euskal Herrian barrena, eta faboritoen arteko lehia izango da Fuente del Chivo tentean gora. Hemezortzi kilometro eta %5,6ko batez bestekoa dauka azken igoera horrek, baina, %8,7ko batez bestekoarekin, oso gogorrak dira azken bi kilometroak.