«Neure burua neurtu nahi dut Europan»

Eskuin alboko errumaniarrak lehen sasoia du Itxakon. Txapeldunen Ligan aritzea izan da Lizarrara etortzeko arrazoietako bat.

edurne elizondo
Iruñea
2010eko urriaren 9a
00:00
Entzun
Aldaketak ez ditu batere gustuko Oana Soitek (Cluj Napoca, Errumania, 1981). Horregatik, kosta egin zitzaion Elda utzi eta Itxakoren eskaintzari baiezkoa erratea. Lizarrako taldean ikasten eta hazten jarraitzeko aukera izanen duela ziur da, ordea, eta horixe estimatzen du gehien. «Hobetzen jarraitu nahi dut», azpimarratu du. Talde, lankide eta bizileku berrira uste baino azkarrago moldatzen ari dela uste du. Txapeldunen Liga izan da Itxakorekin fitxatzeko arrazoi nagusietako bat, eta lehiaketa horri ekiteko irrikan da.

Zortzi denboraldi aritu zara Eldan. Zaila izan da uztea?

Bai, hagitz zaila. Hiri horretan harrera ezin hobea egin zidaten hasieratik, familia izan dira han aurkitu ditudan pertsonak niretzat, eta gogorra izan da hori dena uztea. Baina aurrera egin nahi nuen, ikasten jarraitu, eta Eldan horretarako aukerarik ez zen, taldeak dituen arazo ekonomikoen ondorioz. Horregatik erabaki nuen Itxakora etortzea.

Eldan aritu zaren denboran zer ikasi duzu? Zernabarmenduko zenuke?

Pertsona eta jokalari gisa, Eldak anitz eman dit, anitz lagundu dit. Pertsona eta jokalari heldu bilakatu naiz han. Etxetik urrun neure kabuz moldatzen ikasi dut. Dena izan da hagitz ona, baina une txarrak ere bizi izan ditut.

Hasierakoak, batez ere?

Bai. Lehendabiziko urtea hagitz gogorra izan zen niretzat. Aldaketak ez zaizkit batere gustatzen, eta ez zen batere erraza izan 21 urterekin Errumania utzi, etxea eta familia utzi eta Eldara joatea. Bi urte behar izan nituen erabat egokitzeko.

Elda izan da azken urteotan Itxakoren aurkari nagusietako bat. Itxakoren bilakaerari Eldatik erreparatu diozu. Nola ikusi duzu nafarren bilakaera?

Eldan eman dudan denboran, ikusi dut Itxakok urtero egiten zuela urrats bat aurrera. Hau da, poliki-poliki egin du gora, eta ez, hainbat talderi gertatzen zaion bezala, egun batetik bertzera. Gertatzen da zenbaitetan dirua sartzen dela talde batean, jokalari onak ekarri eta berehala lortzen direla emaitzak, baina berehala egiten dute behera, halaber. Baina Itxako ez da halakoa, eta horixe estimatzen dut gehien. Lortu dutena egindako lanaren ondorio izan da, urtez urte egindako lanaren ondorio.

Gustuko duzu Itxako. Baina, hala ere, kosta zitzaizun nafarren proposamenari baiezkoa ematea, ezta?

Bai, hiru hilabetez edo aritu nintzen pentsatzen. Aurreko urteotan ere saiatu dira Itxakokoak ni honat ekartzen, baina beti erraten nien ezetz, Eldan kontent nintzelako. Baina oraingoan ikusi dut hobetzen jarraitzeko aukera hemen nuela. Eta horregatik etorri naiz.

Eta zer moduz orain arte?

Hagitz ongi, espero baino hobeki. Uste nuen baino gutxiago kostatzen ari zait talde berrira moldatzea.

Zer moduzAmbros Martinekin?

Hagitz ongi. Oraingoz, behintzat, ez dut batere arazorik zer nahi duen ulertzeko. Gainera, anitz gustatzen zait berak eskubaloia ulertzeko duen modua. Itxakoren jokoa, halaber, niretzat egokia dela uste dut. Ambrosentzat talde jokoa da garrantzitsuena, taldeak batera aritzea nahi du, eta niri ere hori gustatzen zait. Nire taldekideentzat lan egitea gustatzen zait. Eldan gol gehien sartutakoa izan naiz hainbat urtez, baina ez da hori garrantzitsuena niretzat. Bertzeentzat jokaldiak sortzeko gai izatea gustatzen zait. Horrek on egiten dio taldeari. Garrantzitsuena baita talde izatea.

Txapeldunen Ligaren ordua iritsi da. Hori izan da Lizarrara etortzeko arrazoi nagusietako bat zuretzat?

Bai. Txapeldunen Ligan aritzea izan da nire betiko helburua. EHF kopan aritu naiz, finalera iritsi naiz, ikusi dut lehiaketa horretan dagoen maila, eta bertze urrats bat egin nahi izan dut. Eta Itxakok ematen dit horretarako aukera. Lehendabiziko aldiz ariko naiz Txapeldunen Ligan, baina taldeak lehen fase hau gainditzeko aukera anitz duela uste dut. Nik, halaber, neure burua neurtu nahi dut Europan, ikusi ea jokalari gisa Txapeldunen Ligan nabarmentzeko gaitasuna dudan.

Joan den sasoiko esperientziak balioko dio taldeari?

Nik uste dut aurreko sasoian Itxakok hagitz lan ona egin zuela Txapeldunen Ligan. Aurkari guztiek gogor egin behar zuten lan Itxakomendean hartzeko. Onenen aurrean itxura ona eman zuen. Denboraldi honetan, multzo ustez errazagoa egokitu zaigu, eta nik uste dut aurrera egiteko aukera dugula, baldin eta gure lana ongi egiten badugu. Joan den sasoiko esperientziak balioko digu momentu zailetan hobeki aritzeko, presioari hobeki aurre egiteko.

Leipzig izanen duzue lehen aurkari. Nola ikusten duzu partida?

Lanean hasteko irrikan gaude, ilusioz beteta. Gure helburua partida irabaztea da, eta, ahal bada, zaleek gozatzeko partida polita jokatzea. Nik uste dut irabazteko aukera anitz badugula. Hainbat jokalari min hartuta daude, baina jokatzeko prest gaudenok dena emanen dugu.

Txapeldunen Ligan urrun iristeko prest?

Hurrengo fasera iristea jada gauza handia izanen litzateke Itxakorentzat. Hala ere, ahalik eta urrunen ailegatu nahi dugu. Baina badakigu hagitz zaila dela, hagitz talde onak daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.