Real Madrili ez zaio egunero irabazten. Horrenbestez, neurri batean normala da joan den larunbateko garaipenak beste edozein neurketa irabazteak baino oihartzun handiagoa izatea. «Ez da erraza partida hori ahaztea», esan du asteon Fernando Amorebietak. Iurretako atzelaria esne mamitan dago, baita Athleticen ingurukoak ere. Aste guztian ez da beste gairik izan talde zuri-gorriaren gainean hitz egitean. Aurrera egin beharra dago, ordea. Neurketa bakar bat irabazteak ez baitu ezer ematen. Horrenbeste laudorio jaso ostean, lortu ote dute jokalariek Deportivoren kontrako gaurko neurketa behar den moduan prestatzea? Gaueko hamarretatik aurrera ikusiko da nola erantzuten duten. Baina horrelakoetan ondoren ez da gauza onik etorri; Athletic lasaitu egin da garaipen garrantzitsu bat lortu duen bakoitzean, eta hurrengo jardunaldietan behera egin du askotan. Erlaxazioaren ondorioa izan da. Eta jakinekoa da Athletic erdipurdiko taldea dela dena ematen ez duenean. Horregatik, argi eta garbi mintzatu da Joaquin Caparros partida bezperan. «Real Madrilen kontrako neurketa pasatu zen. Profesionalak jakin egin behar du hori. Ahaztuta dago».
Real Madrilen kontrako partida garrantzitsua izan zen zuri-gorrientzat, baina Deportivoren kontrakoak ez dauka garrantzi gutxiago. Neurketa estrategikoa dela esan daiteke. Europan jokatzeko lehian dabilen beste talde bat izango du Athleticek aurrean. Miguel Angel Lotinak zuzentzen duen taldearen lana ez da ezustekoa jada. Joan den sasoian ere bikain aritu zen, eta denboraldion bide beretik jarraitzen du. Asteon Espainiako Kopan Sevillaren kontra hartutako astinduak ezin du zipriztindu galiziarren lan aparta.
Orain puntu bateko aldea dago bi taldeen artean. Puntu horrek Europako Liga jokatzeko postuetan egoteko aukera ematen dio Athleticen aurkariari. Bi taldeek batutako puntu kopuruan dagoen parekotasuna ikus daiteke beste hainbat arlotan ere. Izar distiratsurik gabeko taldeak dira biak. Horregatik, talde lanean oinarritzen dute jokoa. Bai Athleticek eta bai Deportivok defentsan egin duten beharrari esker lortu dute sailkapenaren goiko aldean egotea. Beraz, inork ez dezala espero neurketa ikusgarririk. Horretarako, hobe lukete Bartzelonak edo eta Real Madrilek jokatuko dituzten neurketak ikustea. Gaur ez da futbol landurik espero. Bere atea ondoen zaintzen duenak irabaziko du.
Joaquin Caparrosek jokalari garrantzitsu bat faltako du arrakasta itzela eman dion joko sistema osatzeko. Txartel pilaketa dela eta, Carlos Gurpegik atseden hartu beharko du. Andosillako erdilaria ez da izar bat. Ez du neurketak bere kabuz erabakitzeko gaitasuna, eta postu arrotz batean ari da jokatzen. Hala ere, haren ekarpena erabakigarria izan da Athleticen itxuraldaketan. Haren lanari esker askoz ere talde sendoagoa da taldea. Caparrosek eta taldekideek sumatu egingo dute haren falta, ziur. Astean erakutsitakoa egia baldin bada, Markel Susaetak jokatuko du eskuin hegalean. Horrenbestez, ohi duen postura bueltatuko da. Izan ere, lehen itzuliko zuri-gorri onenetarikoa izan arren, azken jardunaldietan Gurpegik eta Toquerok egin duten lanak itzalean utzi du. Jokatzen badu, 100. partida izango du Athleticekin eibartarrak. Hala ere, ezin daiteke baztertu entrenatzaileak David Lopezen alde egitea. Berez, erdilari errioxarra egokiagoa izan daiteke zelai erdiari indar emateko. Defentsako lanean oso fina izan ez arren, nahiko ondo zaintzen du bere lekua, eta baloiaren jabe denean badaki zer egin behar den. Horrek erasoan zein defentsan aritzeko aukera ematen du.
Eskuin hegalekoa izango da aldaketa bakarra. Gainerako hamar futbolariak Real Madrilen kontra aritu zirenak izango dira. Deialdiari dagokionez, Ander Iturraspe gaztea eta Igor Gabilondo sartu dira. Gurpegi eta Joseba Etxeberria geratu dira, berriz, zerrendatik kanpo. Azken deialdiak ikusita, ez dirudi elgoibartarrak berak gura lukeen moduan esango dionik agur futbol profesionalari.
Neurketa estrategikoa
Europarako sailkatzea ametsa ez dela erakusteko aukera dauka Athleticek gaur Riazorren, Deportivoren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu