Beste asko dardarka leudeke, baina Baskonia ez, Baskonia lasai dago. Jokalariak eta agintariak lasai daude, eta zale gehienak ere bai. Gaur gaueko 11k arte iraungo duen lasaitasuna da. Orduan pozak hartuko du lekukoa, edo atsekabeak, batek daki. Baskonia askotan egon da ataka zailean, partidaren bat irabazteko premia gorrian, kirol porrot larriren bat saihesteko beharrean, eta, zorionez, neurria ematen du Baskoniak. Urteetako eskarmentuak ematen duen konfiantza da. Ez dira dardarka hasten Dusko Ivanovicek zuzentzen dituen jokalariak, eta horrek halako lasaitasuna ematen du.
Nahikoa al da eskarmentua, ordea, arrakasta ziurtatzeko? Bistan da Lietuvosek galdua duela borroka hori Baskoniarekin, gutxitan jokatu dituelako partida erabakigarriak, baina irin guztiak ez dira zuri. Norbera ura bere errotara eramaten saiatzen da, eta Vilniusko taldearentzat eskarmentua bigarren mailakoa da gaur, bere kirol ibilbide laburreko aukera onena ate-joka baitu: Europako elitean sartzen hastea.
Ez dirudi lituaniarrek presioa sobera nabarituko dutenik, Top16a irakasbide egokia izan baita haientzat. Panathinaikosen aurka galdu zuten, lehen jardunaldian, baina ondoren garaile izan ziren Gasteizen eta Atenasen, E multzoko bi talde indartsuenen kantxan, eta euren kantxan ere bai, Siemens Arena erraldoian, Unicajaren aurka. Hiru partida horiek erabakigarriak ziren Lietuvosentzat, eta irabazi egin zituzten. Kontuz, beraz, Aleksandar Trifunovicen taldearekin.
Eta kontuz Baskoniarekin. Ez da urte asko egin behar atzera neurketa edo kanporaketa zailenak aurrera ateratzeko gai dela jabetzeko. Sasoi honetako Euroligan, lehen ligaxkan, oin eta erdi Top16tik kanpo zuen Baskoniak, 2-5 balantzearekin. Khimkiri, Zalgirisi eta Partizani irabazi behar zien ezinbestean, sailkatzeko, eta irabazi egin zien. Datu esanguratsua da Baskoniak Kaunasen menderatu zuela Zalgiris, Vilniustik gertu. Hilabete batzuk lehenago ACB ligako final handian gertatutakoa ere aski ezaguna da.
Adibide onak dira aurreko sasoiko bi partida. Top16koak biak. Khimkiren aurkakoa lehenengoa, Errusian, eta Zagrebeko Cibonaren aurkakoa bigarrena, Gasteizen. Baskoniak biak irabazi behar zituen. Moskun aurrena, eta 11 edo puntu gehiagoko aldearekin, Gasteizen Khimkik 11 puntugatik irabazi zuelako. Tiago Splitter gabe aritu ziren arabarrak bi norgehiagoka horietan, baina irabazi egin zuten bietan. Khimki 11 puntugatik menderatu zuten Moskun, eta Cibona luzapenean, 102-90.
Luze gogoratzeko partida
Norgehiagoka horrek aparteko analisia merezi du, Buesa Arenara joan ziren zaleek urteetan gogoratuko dutelako kantxan ikusitakoa. Baskoniak Gasteizen zuen begi bat, eta Moskun bestea, Khimki eta Olympiakosen arteko lehian. Errusiarrak aise nagusitu ziren, Olympiakos sailkatuta zegoelako, baina Baskoniak gorriak ikusi zituen ustez ahulagoa zen Cibona menderatzeko. Velimir Perasovic zen Cibonako entrenatzailea, eta zonakako defentsa bati esker, Baskonia itoarazi zuen. Kroaziakoak 57-71 ziren aurretik 34. minutuan, baina Baskoniak luzapena behartu zuen, eta luzapenean beharrezkoa zuen puntu aldea lortu zuen.
Urtebete pasa da, eta egoera ezberdina da, Baskonia ikaragarri aldatu delako eta, aspaldi ez bezala, bere tokia aurkitu ezinik ari delako, etxetik urrun batez ere. Bi taldeen jokalari zerrenda aztertuz gero, ordea, batzuen eta besteen eskarmentuan garaile da, nabarmen, Baskonia. Teletovic, Fernando San Emeterio, Marcelinho Huertas eta beste hamaika borrokatan zailduak dira. Lietuvosen, El Amin da bakarretakoa, Simas Jasaitis eta Martinas Geceviciusekin batera. Nahikoa izango ote?
Neurria ematen du
Baskonia hamaika aldiz egon da partida bat irabazi beharreko atakan, azkena sasoi honetako Euroligako lehen ligaxkan. Eskarmentu handia du zirt edo zart egin behar denerako, baina horrek ez du arrakasta ziurtatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu