Neurria hartua dio

Rafa Nadal sailkatu egin da Australiako Irekiko finalerako, Roger Federerri lau setetan irabazita

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Ia betiko historia da. Rafa Nadal eta Roger Federer aurrez aurre Grand Slam batean, eta balearra irabazle. Torneo handi batean elkarren aurka jokatu duten hamar aldietatik zortzitan gertatu da hori; azkena, atzo, Australiako Irekiko finalerdietan. Lau setetan nagusitu zitzaion Nadal Federerri: 6-7, 6-2, 7-6 eta 6-4, hiru ordu eta 42 minutuko iraupena izan zuen partidan.

Erakustaldia, garaipena eta finalera. Bigarrena du Australian. Duela hiru urte jokatu zuen aurrenekoa, Federerren aurka, eta nola ez, balearra nagusitu zen. Finalak aipatuta, Nadalek Grand Slameko laugarrena jokatuko du jarraian. Iaz Roland Garrosekoa, Wimbledonekoa eta AEBetako Irekikoa jokatu zituen. Parisen Federerri irabazi zion —berriz—, eta Londresen eta New Yorken Novak Djokovicen aurrean eman behar izan zuen amore. Etziko finala, berriz, Grand Slameko hamabosgarrena izango da berarentzat, Andre Agassi, Jimmy Connors eta Roy Emerson handiek adina. Urruti du oraindik Federer (23). Hori bai, Nadalen adinarekin (25 urte) suitzarrak bakarrik bederatzi final zituen jokatuak, Manacorrekoak baino sei gutxiago.

Nadalek Djokovic edo Andy Murray izango du aurkari etzi. Serbiarrak eta eskoziarrak gaur jokatuko dute bigarren finalerdia. Itxuraz, Djokovic da faboritoa, baina Murray oso ondo ari da—set bakarra galdu du—. Bi tenislariok aurrez aurre izan ziren iaz finalean, eta serbiarrak erraz irabazi zuen: 6-4, 6-2 eta 6-3.

Finala: Xarapova-Azarenka

Emakumezkoetan, berriz, atzo geratu zen zehaztuta finala. Maria Xarapova errusiarrak eta Victoria Azarenka bielorrusiarrak jokatuko dute bihar 09:30ean. Xarapovak zein Azarenkak hiru set behar izan zituzten. Aurrenekoak 6-2, 3-6 eta 6-4 hartu zuen mendean Petra Kvitova txekiarra, eta bigarrenak 6-4, 3-6 eta 6-4Kim Clijsters belgikarra, iazko irabazlea. Bi partidek iraupen bera izan zuten: bi ordu eta hamabi minutukoa. Azarenka estreinako aldiz ariko da Grand Slameko final batean. Askoz eskarmentu handiagoa du Xarapovak, seigarrena baitu, Australian jokatzen duen hirugarrena —bat irabazi du (2008an) eta beste bat galdu (2007an)—. Irabazleak sari bikoitza izango du, torneoa ez ezik, WTAko lehen postua eskuratuko baitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.