Neurria hartzeko

Esprinterrik onenak lehiatuko dira Tirreno-Adriatikon, gaurtik asteartera arte

Igor Susaeta.
2008ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Sasoiko aurreneko klasiko handia da Milan-San Remo. 294 kilometroren ondoren, Via Romako zuzengunean bukatzen denari Clasiccisima deitzen diote Italian; hangoen ustez, klasika garrantzitsuena delako. Hura irabazi dutenen zerrenda begiratu, eta argi dago egokia dela esprinterrentzako. Hilak 22 jokatuko da; eta, horren atariko gisa, Tirreno-Adriatiko (Italia) lasterketa korrituko da gaurtik hurrengo asteartera arte. Clasiccisima prestatzen dutenek probaleku gisa erabiltzen dute, lasterketa, berez, gogorregia ez delako. Hortaz, tropeleko esprinter onenek elkarri neurria hartzeko baliatuko dituzte hurrengo zazpi egunak.

Egia esan, munduko txirrindulari azkarrenak ariko dira, bakanen bat kenduta: Alessandro Petacchi (Milram), Erik Zabel taldekidea, Tom Boonen (Quick Step), Baden Cooke (Barloworld), Danilo Napolitano (Lampre), Oscar Freire (Rabobank) Robbie McEwen (Silence Lotto)... Ibilbidea ere egokia da haientzako. Ez dago, ez mendate gogorrik, ez ibilbide bihurriegirik. Hori bai, nola hirugarren etapan hala bosgarreneko erlojupekoan jai izango dute esprinterrek.

Hain zuzen, bi saio horietan erabakiko da, neurri handi batean, behintzat, lasterketako sailkapen nagusia. Etapa menditsu baten faltan, antolatzaileek ailegaera gaizto pare baten aldeko apustua egin dute aurten. Aurreko ekitaldietan, Abruzzi mendietako San Giacomo (1.100 metro) aldapa txertatu zuten ibilbidean, baina, oraingo honetan, Tirreniar Itsasoa eta Adriatiakoa zuzenago lotzea erabaki dute ibilbidea prestatzen dutenek.

Bigarren etapako azkeneko kilometroek ere goraka egiten dute, baina ez, ordea, hirugarrenekoek, etzikoek, beste. Monteluponeko ailegaerak ikusgarria behar du derrigorrez. Azkeneko kilometro eta erdian sartuta, 1.000 metro egingo dituzte %10eko pendizeko aldapan, eta azkeneko 500ak, aldiz, %16koan. Segundo batzuen aldea egongo da hor. Igandeko 26 kilometroko erlojupekoa, berriz, gogor samarra da. Aurreneko zatian aldapa behera ibiliko dira txirrindulariak, eta, erdialdean, berriz, ordekan; azkeneko sei kilometroetan, berriz, goraka egingo dute, pixkanaka bada ere. David Zabriskie (Slipstream) espezialista ez da garaipenetik urruti ibiliko.

Erlojupekotik lider moduan irteten denak lasterketa irabazteko aukera handia du. Hurrengo eguneko saioan ere goraka egiten dute azkeneko kilometroek, eta izango dira atzean geldituko diren txirrindulariak; halere, hasiera batean, behintzat, ez dirudi hain erabakigarria izango denik. Gainontzeko egunetan, berriz, litekeena da esprinta egotea.

Halere, esprinterrak lehiatzeaz gain, era guztietako ibilbideetan ondo moldatzen diren txirrindulariak lehiatuko dira Tirreno-Adriatikon. Eta, horien artean, gehien nabarmentzen dena da Paolo Bettini (Quick Step) munduko txapelduna. Alessandro Ballan (Lampre) ere hor dago, edo Filippo Pozzato (Liquigas), edo Fabian Cancellara eta Stuart O'Grady (CSC)... Sasoiko daudenean, gainera, esprinter bortitzenen pareko abiadura harrapatzeko gai dira.

Igor Astarloa (Milram) ere multzo horretan sar daiteke bere onenean dagoenean, baina ermuarrari Petacchiren morrontzan ibiltzea tokatuko zaio. Astarloarekin batera, Imanol Erviti (Caisse d'Epargne), Patxi Vila (Lampre), Pedro Horrilo (Rabobank) eta Euskaltel-Euskadiko Ruben Perez, Iñigo Landaluze, Antton Luengo, Aitor Galdos, Juanjo Oroz, Alan Perez, Egoi Martinez eta Javier Aramendia izango dira Tirreno-Adriatikon lehiatuko diren Euskal Herriko txirrindulariak.

Tirreno-Adriatikok goi-mailako partaidetza edukiko du aurtengo ekitaldian ere. Horietako batzuek, gainera, maiatzean jokatuko den Giroa prestatu nahi dute, Ricardo Riccok (Saunier Duval) -iaz bi etapa irabazi zituen Tirrenon-, Paolo Savoldellik (LPR Brakes), Tadej Valjavecek (Ag2R), Andy Schlecek (CSC) edota Emanuele Sellak (CSF Navigare), esaterako.



Petacchi, Zabel, Boonen, Cooke, McEwen, Freire edota Napolitanolehiatuko dira

Hirugarren etapaneta bosgarren eguneko erlojupekoan erabakiko da lasterketa





AzKen GaraILeaK

2007: Andreas Kloden

2006: Thomas Dekker

2005: Oscar Freire

2004: Paolo Bettini

2003: Filippo Pozzato

2002: Erik Dekker

2001: Davide Rebellin

2000: Abraham Olano

1999: Michele Bartoli

1998: Rolf Jaerman





ETaPaK

1.a: Civitavecchia-Civitavecchia (160 kilometro).

2.a: Civitavecchia-Gubbio (203 kilometro).

3.a: Gubbio-Montelupone (195 kilometro).

4.a: Porto Recanati-Civitanova marche (167 kilometro).

5.a: Macerata-Recanati (26 kilometroko erlojupekoa).

6.a: Civitanova Marche-Castelfidardo (196 kilometro).

7.a: S. Benedetto del Tronto-San Benedetto del Tronto (176 kilometro).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.