Bizkaia Bilbo Basketek gorago edo beherago kokatuko duten hitzordu garrantzitsu bi izanen ditu hurrengo bi jardunaldietan. Valentzia, gaur, eta Real Madril hurrengo larunbatean. Biak etxeko zaleen epelean, gainera. Bizkaitarrak zortzi onenen multzoan sartzeko hautagai diren jakiteko neurriko aurkariak dira biak. Real Madril, beti hala delako, eta Valentzia, aurrekontua murriztuta ere oso talde txukuna osatu duelako. Superkopako finalerdian Baskonia menderatu izana, edo Ligako lehen jardunaldian Granada hankapean ibili izana, talde on horren adibide.
Bilbo Basketek ere Valentziakoen indarra bereganatzea du helburu, eta Manresako garaipen erosoak indarra eta konfiantza eman dio taldeari. Mundua ezberdin ikusten da 1-1 edo 2-0 balantzearekin, are gehiago bigarren garaipen hori talde on baten aurka lortzen bada. Valentziak arrisku anitz ditu. Nando De Colo bikain ari da. Zer esan Rafa Martinez eta Serhii Listxuki buruz. Katsikarisen taldeak partida biribila egin beharko du, defentsan batez ere.
Bilbo Basketek berrikuntza garrantzitsu bat izango du. Kostas Vassileiadis greziarra osatu da, eta kantxaratzeko prest egongo da. Haren jaurtiketak, eta taldekide guztien kemena beharko da oso itxura ona daukan Valentzia menderatzeko.
Neurriko aurkaria, Bilbo Basketen sasoia finkatzeko
Valentzia hartuko dute bizkaitarrek eguerdian, aberatsen multzoan sartzeko hautagai sendoa (ETB, 12:30)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu