Etzi jaioko da UCIren, Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoaren, haur besoetakoa: Pro-Tour Liga. Hein Verbruggen UCIko nagusiak eta haren ingurumarian agintzen trebeak direnek euren neurrira egindako zapata. Ahaleginak eta bi egin dituzte dena txukun-txukun egiteko. Nahierara jardun dute, apalenen kexuei muzin egin eta diruaren hotsari men eginez, behin eta berriz, baina herren dago proiektua, lokarriak falta zaizkio. Estropezu egiteko arrisku handiarekin abiatuko da, eta ez harritu muturrekoa hartzen badu.
Liga osatuko zuten taldeekin izan ziren lehen komeriak: 20 aurrena, 19 gero, Phonak dopinagatik kanpoan utzi eta gero. Hautaketak ere iskanbila franko sortu zuen. Batzuk kanpoan geratu ziren, eta sartu ziren batzuek merezi ez zutela kritikatu, haiek. Verbruggen eta UCI, isilik, noski. Aukeratutakoek haien parte-hartzea ziurra izan zedin milioi askoko bermea fin-fin ordaindu zutelako izango zen, agian.Itzuli handiekin ere komeria franko izan zituzten, dituzte, eta izango dituzte. Giroak eta Vueltak indar gutxi dute UCIren aurka, baina bi horiek Tourrarekin elkartu dira, eta Tourrak aurrean duen guztia irensten du, baita UCI erakundea, eta erakunde hori gidatzen duten ahoberoak ere. Udazkenean sortu zen iskanbila. Hiru handiek euren indarra, boterea, mantendu nahi zuten. Datak eurek erabaki, eta parte-hartzaileen zerrenda ere bai. UCI haserretu egin zen, eta halamoduzko akordioa lortu zela saldu zuten aste gutxira. Pasa den astean lehertu zen iskanbila. Akordiorik ez dagoela, zioten, hiru handiek. UCI isilik geratu da, baina arduratuta. Badu motiborik, Pro-Tour Liga hiru itzuli handiak gabe, Tourra gabe, heriotzera bidean dagoelako, erremediorik gabe.Iskanbila gordinenak, dena den, Liga osatuko zuten 27 lasterketen hautaketak eragin ditu. Txirrindularitza mundu osora hedatzeko aitzakiarekin, tradizio handiko txirrindularitza eremuak zigortu dira, Euskal Herria kasu, eta txirrindularitza ia-ia ezezaguna den eskualdeetan sustatu, Polonian, esaterako. Zergatia? Inbertitzeko asmoa duten babesle indartsuak, alegia, diruaren hotsa.
Paris-Niza, eguzkiaren lasterketa, etzitik
Kontuak kontu, eta xehetasun garrantzitsu asko lotzeko daudela, etzi hasiko da Pro-Tour Liga, Paris-Niza probarekin. Munduko 20 talde onenekin eta gonbidatu bakarrarekin: Iñigo Chaurreau eta Mikel Astarloza pasaitarren Ag2r. Igandetik igandera korrituko da, 1.000 kilometro pasatxo. Borroka handi samarra espero da, Pro-Tour Ligako lehen proba delako, eta bestela ere, sona eta izen handia duelako eguzkiaren lasterketa goitizena duen lasterketak.
Lau kilometroko aitzin-etaparekin hasiko da, Paristik gertu, eta Nizan bukatu. Mendate asko dago, eta kilometro asko egingo dira Erdialdeko Mendigunean barrena. Jakina da hango orografia Euskal Herrikoaren antzekoa dela, gorabeheratsua, atsedenik gabekoa, ia-ia. Aproposa, tropela zigortu nahi duten talde indartsuentzat. Lehen eta bigarren mailako 17 mendate daude, Mont-Faron eta Col d'Eze ezagunak tartean.Faboritoei dagokionez, bi taldek erakarri dute arreta: Liberty eta CSC. Libertyrentzat erronka da Paris-Niza. Ondo hasi nahi du denboraldia Manuel Saiz kirol zuzendariak, ONCE gidatzen zuenean egin ohi zuen legez. CSCk ere oso indartsu hasi ohi ditu denboraldiak. Voigtek erakustaldia eman zuen Mediterraneoko Tourrean. Ez harritu antzera jarraitzen baldin badu datorren honetan ere.
TXIRRINDULARITZA
Neurriko zapatak, lokarriak falta
Paris-Nizarekin abiatuko da Pro-Tour Liga, etzi; Proiektuak herren hasi du bidea, kolpeka, sortzaileen aginte erakustaldi zakarrekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu