Parisen amaituko den etapa falta bada ere, Egan Bernal da Tourreko irabazlea. Ineoseko txirrindulariak balentria egin du, eta lehen kolonbiarra da lasterketa irabazten. Val Thoreneseko gainean amaitutako etapa, berriz, Vincenzo Nibalik (Bahrain) irabazi du. Hala, garaipen zerrenda are gehiago handitu du. Eguneko kaltetua Julian Alaphilipp izan da (Quick Step). 3.17ra iritsi da helmugara, eta bigarren postutik bosgarrenera jaitsi da sailkapen nagusian. Hala, Parisko podiumean Bernalek Geraint Thomas taldekidea (Ineos) eta Steven Kruijswijk (Jumbo-Visma) izango ditu alboan. 1.11 eta 1.1.31ra, hain zuzen.
Eguraldi txarra tarteko, etapa 130 kilometrotik 59ra moztu dute. Horrenbestez, aurreikusita zeuden hiru mendateetatik bakarra igo dute, maila bereziko Val Thorens (33,4 km eta %5,5eko pendiza). Etapa hain motza izanda, hasieratik izan dira ihesaldiak.19. kilometroan 29 txirrindulariz osatutako bat eratu da, eta hortik egin dute aurrera Nibalik eta Ilnur Zakarin (Katuxa). Val Thorens igotzen hastean, atzetik Jumbo VIsma zihoan tiraka, Kruijwsijk podiumean egoteko. Kolpe erabakigarria helmugarako 13 kilometro falta zirenean eman du Nibalik. Orduantxe hasi da atzean geratzen Alaphilipp. Ezin izan dio eutsi Jumbo Vismak ezarritako erritmoari.
Nibalik ondo estutu ditu hortzak, eta, atzetik Enric Mas hura harrapatzen ahalegindu arren, ez du lortu. Hiru kilometro falta ziren, eta 45 segundoren aldea zuen. Baina nahikoa izan du, helmugara lehen postuan iristeko. Atzetik sailkatu dira Alejandro Valverde (Movistar) hamar segundoan, eta Mikel Landa (Movistar), hamalaura. Hirugarren bukatu arren, Landak ezin izan du posturik igo sailkapen nagusian, eta, ezusterik ezean, seigarren amaituko du Tourra, Bernalengandik 4.23ra.